NAIZ.INFO

Ekonomia aipagai duten zorion mezu ugari jaso ditu Obamak

Nazioarteko buruzagi askok zorionak eman dizkiote Barack Obama Amerikako Estatu Batuetako (AEB) presidente berrautatuari hauteskundeetako garaipenagatik. Bigarren agintaldian munduko ekonomia suspertzen lagun dezala eskatu diote mezuetako askotan.

AEBetako presidentea, Barack Obama, eta presidenteordea, Joe Biden, garaipena ospatzen. (Robyn BECK/AFP PHOTO)
AEBetako presidentea, Barack Obama, eta presidenteordea, Joe Biden, garaipena ospatzen. (Robyn BECK/AFP PHOTO)

Europar Batasunak, NATOk, NBEk, Estatu frantsesak, Errusiak, Txinak, Britainia Handiak, Alemaniak, palestinarrek, Israelek eta Indiak, besteak beste, igorri dizkiote Barack Obama presidenteari zorion mezuak igortzen aurrenekoak, behin Mitt Romneyren aurrean garaipena eskuratu duela jakin denean.

Europako Kontseiluko presidente Herman Van Rompuy eta Europako Batzordeko buru Jose Manuel Durao Barrosok beren «zorionik beroenak» adierazi dizkiote Obamar, eta hazkunde ekonomikoaren zein enplegua sortzearen alde lan egiteko prestutasuna agertu.

AEBak «funtsezko kide estrategikoa» da Europar Batasunarentzat, zeinak Obamarekin izandako «kooperazio estua» mantentzearen aldeko apustua egin duen, «erronka orokorrei aurre egiteko, segurtasunaren eta ekonomiaren arloak barne», nabarmendu dute ohar bateratu batean.

Europako Parlamentuko presidente Martin Schulzek ere zoriondu du Etxe Zuriko maizterra izaten jarraituko duena eta azpimarratu egin du Europa eta AEB demokrazia edota nazioarteko zuzenbidearekiko begirunea bezalako «balore komunak» dituzten aliatuak direla.

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki moonek ere zoriondu Barack Obama eta gai garrantzitsuenetan, Siriako krisia edota klimaren aldaketan, besteak beste, lanean jarrai dezala eskatu dio.

Txinako Gobernuak adierazi du espero duela Obamaren jarduna «AEBen eta Txinaren interesentzako onuragarria» izan dadila.

François Hollande presidente frantsesaren aburuz, Obamaren garaipenak «Amerikako Estatu Batu ireki, solidario eta nazioarteko agertokiaren erabat konprometitutakoen aldeko apustu argia» erakusten du.

Hollandek gaineratu duenez, hauteskundeetako emaitzok aditzera ematen dute estatubatuarrak «geure planetaren erronken jakitun direla: bakea, ekonomia eta ingurumena».

Britainia Handiko lehen ministro David Cameronek datozen lau urteotan «arrakasta handia duen AEBetako presidente» Barack Obamarekin elkarlanean aritzeko prestutasuna adierazi du.

Alemaniak ere adierazi du espero duela Obamaren berrautatzeak munduaren hazkunde ekonomikoan eta desarmatzean lagun dezala.

Errusiak ere zentzu beretsuan zuzendu zaio AEBetako presidenteari.

NATOren idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenek goraipatu egin du Obamaren gaitasuna AEBak eta Europaren artean bakearen eta segurtasunaren inguruko lotura mantentzeko.

Haren aburuz, Obamak «ezinbesteko lotura hau mantentzeko lidergo paregabea» erakutsi du.

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk ere israeldarren mesedetan Obamarekin «lanean jarraituko» duela agindu du.

«AEBen eta Israelen arteko aliantza estrategikoa inoiz baino sendoagoa da. Obama presidentearekin batera lan egiten jarraituko dut, israeldarren segurtasunarentzat ezinbestekoak diren interesak bermatzeko», azaldu du.

Gazako zerrendan gobernuan dagoen Hamasek mundu arabiar eta musulmandarrarekiko jarrera «orekatuagoa» izan dezala eskatu dio Obamari. Palestinaren Askapenerako Erakundeak, bere aldetik, Nazio Batuen Erakundeetan Palestina estatu gisa onartzeko galdegin dio.

Beste gobernu askok (Maroko, Turkia, Belgika, Saudi Arabia, Egipto, Japonia) ere zorion mezuak eta eskaerak igorri dizkiote Obamari.