NAIZ.INFO
DONOSTIA

Aieteko Adierazpenaren «bideragarritasuna» nabarmendu du ezker abertzaleak

Ezker abertzaleak Aieteko Adierazpenaren bost puntuekiko konpromisoa berretsi du eta bakearen eraikuntza eta «normalizazio politiko eta demokratikoa» bere jardunean «lehentasunezkoak» direla nabarmendu du Jonathan Powellekin Aieteko Jauregian izandako bileraren ostean.

Ezker abertzalearen iritziz, Aieteko Adierazpenak zehazten duen bide-orria «baliagarria, bideragarria eta egingarria» da, eta «erabat bateragarria da gainontzeko esparru zein arlo instituzionalean konponbidearen bidean egin beharreko lanarekin».

Horixe nabarmendu du Jonathan Powellekin izandako bileraren ostean igorri duen oharrean. Bertan dioenez, «bakearen eta normalizazio politiko eta demokratikoaren aldeko aldarria olatu geldiezina da», eta olatu hori «ezin da geografikoki mugatu, ezta ezelako instituzioren lau pareten artean hertsi». Ildo horretan, gatazkaren konponbide prozesua Euskal Herri osoan garatu behar dela adierazi du.

Ezker abertzalearen aburuz, Aieteko Adierazpenak eta ETAren jarduera armatua uzteko erabakiaren ondoren sortutako egoerak «guztiok erretratatzen gaitu» eta «bereziki nabarmen geratzen da bakearen etsai nagusia den PP eta konponbidearen aurkako bere jardun iraunkorra». PSE, berriz, Euskal Herriko errealitate politikotik «milaka kilometrora» kokatzen dela esan du.

Azkenik, Aieteko Adierazpenarekiko «konpromiso osoa» berretsi du eta bakearen eraikuntza eta «normalizazio politiko eta demokratikoa» bere jardunean «lehentasunezkoak» direla gehitu du.