NAIZ.INFO
BILBO

Egia eta eskubide guztiak aldarrikatuz omendu dituzte Brouard eta Muguruza

HBko kideak ziren Santi Brouard eta Josu Muguruza omendu dituzte Bilbon euren erailketetatik 28 eta 23 urte igaro direnean, hurrenez hurren. Goizean lore eskaintza bana egin diete eta, arratsaldean, Egiari Zor fundazioak ekitaldi politikoa burutu du, bakearen bidean egia guztiak eta eskubide guztiak aldarrikatzeko.

Egiar Zor fundazioak Santi Brouard eta Josu Muguruzaren omenez eginiko ekitaldi politikoa. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Egiar Zor fundazioak Santi Brouard eta Josu Muguruzaren omenez eginiko ekitaldi politikoa. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

‘Egia bide, askatasuna amets’ lelopean, Egiari Zor fundazioak ekitaldi politikoa burutu du leporaino betetako Bilboko Esperantza pilotalekuan, Santi Brouard eta Josu Muguruza militante abertzaleak erail zituzteneko 28 eta 23. urteurrenean.

Egiari Zor fundazioaren izenean, Nagore Mujikak aldarrikatu du gatazka politikoaren konponbidean formula bakarra dagoela: «egia guztiak, eskubide guztiak eta ahalegin guztiak, soluzioen bidean bukaerara arte heltzeko».

«Oraindik gainditzear dagoen gatazkari bidezko konponbidea emateko erabateko konpromisoa» aldarrikatu du Mujikak eta, «gatazkaren arrazoiak eta ondorioak politikoak direnez, akordio politiko eta demokratikoa ahalbidetuko duen konponbidea lortzeko» lan egiteko asmoa berretsi.

Bide horretan, egiarekiko, herri memoriarekiko, askatasunarekiko eta bidezko konponbide batetekiko konpromisoa nabarmendu ditu. «Ausardiaz, Errekaldekoak eta Lekeitiokoak erakutsi ziguten legez, estrategia egokia sustatzeko azkartasuna eta konpromisoa ezinbestekoak» direla ere azpimarratu du Mujikak.

Lore eskaintzak

Goizean, ohikoa den moduan, ekitaldi bana egin zaie. 1984. urtean erail zuten Brouard eta haren aldeko monolitoa dagoen Ameztolako parkean bildu dira hura oroitzeko. Muguruza 1989an hil zuten eta Errekalden egin zaio omenaldia.

Bi ekitaldietan izan dira ezker abertzaleko hainbat ordezkari, hala nola, Joseba Permach, Xabier Mikel Errekondo diputatua Madrilgo Kongresuan, Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Jone Goirizelaia abokatua, Niko Moreno edota Tasio Erkizia.

Era berean, Lakuako Biktimen Arretarako Bulegoko hainbat arduradun ere bertaratu dira, Maixabel Lasa buru izan dutela.

Lore eskaintza eta aurreskuen ostean, Permachek hartu du hitza Brouarden omenaldian. Ezker abertzaleak gatazkaren soluzioaren bidean «amaieraraino» joateko egin duen hautuan berresten dela esan du eta aurtengo urteurrenak Gasteizko Legebiltzarraren osaketarekin eta Aieteko bilkurarekin batera gertatu izana nabarmendu du.

Brouard eta Muguruzaren garaietatik ezker abertzalearen diskurtsoa ez dela aldatu aipatu du eta «ukazio politikoaren aurrean» gatazkaren aterabide demokratikoa aldarrikatu du.

Ekitaldiaren amaieran Biktimen Arretarako Bulegoko arduradunak Edurne Brouard, Santi Brouarden alaba, eta Elena Bartolome, Josu Muguruzaren neska-laguna, eta Ane Muguruzarengana, haren alabarengana, gerturatu dira.