NAIZ.INFO
DONOSTIA

«Kontrasterik gabe» haien inguruan argitaratutakoa txarretsi du Kontseiluak

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren aburuz, «zinez kezkagarria» da Kutxaren Administrazio-Kontseiluaren inguruan jazotakoa, hainbat hebabide eta agentziek «gupidarik gabe erakunde politiko batekin lotu» dituelako eta beraiek hartu beharko lituzketen balizko erabakien inguruko albisteak «inolako kontrasterik gabe» zabaldu dituztelako.

Ohar baten bitartez, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak kezkaz baloratu du Kutxaren Administrazio-Kontseiluaren inguruan jazotakoa.

Gogoratu dutenez, atzo arratsaldera arte ez dute ordura arte emandako urratsen edo hartu beharreko balizko erabakien berri eman. Horregatik, hain zuzen, «oso larria» iruditzen zaie «hainbat hedabide eta informazio-agentziatan» Kontseilua «koalizio politiko bati lotuta» albisteak zabaldu izana.

«Kontseiluko zuzendaritzak Batzar Orokorrean izan beharreko jarrera aztertuak ere ez zituela, hainbat hedabidek eta agentziak gupidarik gabe erakunde politiko batekin lotu gaituzte, eta ez dira gai izan Kontseiluarekin informazio hori egiaztatzeko», salatu dute eta, gaineratu «zinez kezkagarria» dela «inolako kontrasterik gabe gezurrak argitaratzea».

Euskararen aldeko erakundeak azaldu duenez, «ilusioz» hartu zuten Kutxaren Batzar Orokorrean parte hartzeko aukera, batetik, gizarte-eragileei halako erabaki-guneetan pisua emateko eta, bestetik, «euskararen eta hizkuntza-normalizazioaren gaia Kutxako Administrazio-Kontseiluan hizpide izango zela bermatzeko». Horregatik erabaki zuten hautagaitza aurkeztea.

Azken orduan, Adminstrazio Kontseiluak hautagaitza hura baliogabetu zuen, eta Kontseiluak adierazi du ez dela «oso egokia» halako aferetan «berria» den erakunde bati «inolako laguntzarik eskaini ez izana hautagaitza sartzeko prozesuan». Batzarrerako deialdia, gainera, hura egin baino hiru egun lehenago jaso zutela esan dute.

Azken egunotan izandako «zurrunbiloen ondorioz», Kontseiluaren zuzendaritzak erabaki zuen hautagaitzaren baliogatzea ez inpugnatzea, inolako hautagaitzatan parterik ez hartzea eta ekarpena Batzar Orokorreko kide gisa egitea.

Erabaki horien berri Batzar Orokorrean eman zuten eta, ondoren, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak ohar bat kaleratu zuen jazotakoa argituz, baina «gaur hainbat hedabidek» gertatutakoaren inguruan «gezurrak esaten» jarraitu dutenez, jasandako «babesgabetasuna» salatu du Kontseiluak.

«Azken egunotan jasotako tratua iraingarria izan bada ere, gure ekarpena Batzar Orokorraren bidez egingo dugu, beti ere euskararen beharretatik, ez, ordea, beste inoren behar edota interesetatik», nabarmendu dute.