NAIZ.INFO
BASAURI

Etxegabetze bat bertan behera utzi dute Basaurin, Bilboko epaileen protokoloa aplikatuta

Abenduaren 5erako aurreikusita zegoen etxegabetze bat bertan behera utzi dute Basaurin, lehen aldiz Bilboko epaileek onartu zuten eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak epaitegi guztietara bidali duen protokoloa aplikatuta.

Marta Uriarte Bizkaiko Stop Desahucios taldeko lehendakariak azaldu duenez, Kutxabankekin hipoteka zuen Basauriko gazte bat beraiekin kontaktuan jarri zen Bilboko epaileek kaleratzeak ekiditeko protokoloa onartu zuten egunean, bere egoeraren berri emateko. Langile autonomoa da eta orain langabezian dago; ondorioz, ezin du hipoteka ordaindu.

Gaur Justizia Auzitegira joan dira gaztearen egoeraen berri ematera eta han jakinarazi diete kaleratze prozesua bertan behera geratu dela.

Bilboko epaileek etxegabetzeak ekiditeko protokoloa onartu zuten aho batez azaroaren 20an eta, herenegun, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako epaitegi guztietara bidali zuen, irizpide gisa erabil dezaten.

Marta Uriarte pozik agertu da «protokoloak funtzionatzen duelako» eta etxegabetzeak «gelditu daitezkeelako». «Pozik gaude orain ikusten ari garelako Auzitegi Nagusiarekin eta Justizia Sailarekin egindako lanaren emaitzak», esan du.

Hala ere, Hipoteken Legea aldatu behar dela nabarmendu du, egoea horiek errepika ez daitezen.