NAIZ.INFO
DONOSTIA

PNV eta PSEk «langileria publikoaren erabilera interesatua» egin izana salatu du LABek

Estatu espainiarreko Auzitegi Konstituzionalak gabonetako ordainsariaren inguruan hartu duen erabakia «afera baten azken kapitulua» dela adierazi du LABek eta, bertan, PNV eta PSEren arteko «lehia alderkikoia» ikusi dugula azpimarratu du.

Lakuako Gobernuak abenduko ordainsariaren inguruan harturiko erabakiak Auzitegi Konstituzional espainiarrak atzera bota izana baloratu du LAB sindikatuak prentsa ohar baten bidez.

Sindikatuaren arabera, abenduko ordainsariaren «azken kapitulua» izan da gaurkoa, eta bertan, PNV eta PSEren arteko «lehia alderdikoia» ikusi dela azpimarratu du, «langileria publikoaren erabilera interesatua eginez».

Auzitegi Konstituzionalaren injerentzia berri honek langileria publikoaren eros-ahalmenean eta bertako ekonomiaren sustapenean izango duen «eragin kaltegarriaz» gain, Euskal Herriak bere beharren arabera antolatutako zerbitzu publikoa behar duela uste du LABek.

PPren Gobernuak Euskal Herriari jartzen dion «muga» hori errepikatzen ari dela uste du sindikatuak eta LOMCE, kopagoa edota tasa judizialen adibideak jarri ditu mahai gainean.

Egoera honetan, Euskal Herriko langileria publikoak abenduko ordainsariaz gain beste afera bat du jokoan LABen esanetan; «Euskal Herriko sektore publikoa eta bertako langileen lan baldintzak bertan erabaki ahal izatea».

Alde horretatik, inposaketen aurka dauden eragile politiko, instituzional, sindikal eta sozialei dei egin die injerentzia hauei aurre egite bidean adostasun maila bat lortzeko. «Horrek guztion parte hartzea eta inplikazioa eskatzen du», adierazi du sindikatuak.