Gotzon Aranburu
AZPEITIA

Imanol Lazkano

2012ko abendu hau ez zaio puska batean ahaztuko Imanol Lazkano bertsolariari, eta malko bat baino gehiago isuri behar ditu. Hirurogei urte pasa bertsotan aritu den azpeitiarrak omenaldi handia jasoko du Ordizian hilaren 29an, baina bere lehenengo bertso laguna, Joxe Agirre, ez du ondoan izango.

Imanol Lazkano, etxeko atarian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Imanol Lazkano, etxeko atarian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Esku zakarrak dauzka Imanolek, lanean gogor aritutako gizonek edukitzen dituztenetakoak, baina bihotza samurra. Erraz hunkitzen da. Horregatik diogu abendu hau luzaroan ez zaiola ahaztuko; batetik, omenaldi zalea ez delako, gaizki pasatzen duela badaki eta, eta bestetik «lagun ikaragarri ona» zuen Joxe Agirre hil zaiolako. Elkarrengandik gertu jaiotakoak, bertsotan batera hasitakoak, eta mende erdiz plazaz plaza batera aritutakoak izan dira Imanol eta Joxe, eta Ordiziako jaialdi-omenaldiko kartelean hortxe azaltzen da Agirreren izena, Jon Lopategi, Patxi Etxeberria, Txomin Garmendia eta Jon Azpillagarekin batera. Denak ere beteranoak, denak ere garai zailetan euskarari eta bertsoari eutsi ziotenak eta lekukoa gazteei eman zietenak.

Joxerra Gartzia adituak egindako sailkapenari erreparatzen badiogu, 1945-1960 tarteari «bizirauteko bertsolaritza»rena deitzen dio, eta Basarri, Uztapide, Lasarte, Joxe Lizaso, Joxe Agirre, Lazkano, Lazkao Txiki, Mattin eta Xalbador nabarmentzen ditu garai horretan. Hurrengo tartea, 1960-1979, «erresistentziako bertsolaritza»rena izendatzen du, eta hor azaltzen da berriro Imanol, aurreko guztiekin eta Azpillagarekin eta Lopategirekin.

Eraikuntza izan du lanbide Imanolek, eta ez da harritzekoa etxe eder bat izatea bizitoki, Landeta auzoan, jaio zen baserritik ez urruti. Hantxe hartu gaitu, beheko suaren epelean. Ordu t’erdi dauka gurekin hitz egiteko, gero biloba eskolatik jaso beharra dauka eta.

Hamalau urterekin bota zituen aurreneko bertsoak jendaurrean Lazkanok, Santa Eskean koplatan aritu zenean. Gaur egungo gazteek Messi miresten duten moduan miresten zituen Imanolek mutikotan Uztapide edo Baserri. Bertatik bertara ikusiak eta entzunak zituen, Azpeitiko Santo Tomas eguneko saioan, eta buruz ikasten zituen haien bertsoak.

Handik urte gutxira, aurretik mito izan zituen haiek bertsokide izan zituen Imanolek, eta beti eskertu izan du zein harrera ona egin zioten eta zein gozo tratatu zuten, nahiz eta bertsotan egurra eta ziria ziren jaun eta jabe. Beste hainbeste egin zuen berak belaunaldi gazteetako bertsolariekin, txanda iritsi zitzaionean, eta horren lekuko dira Euzkitze, Egaña, Peñagarikano eta beste zenbait. Horregatik izendatu dute ‘Zubigintzan artista’ Ordiziako omenaldiko antolatzaileek.

Noizbait esan izan du Imanolek Basarriren erretorika, Uztapideren zuhurtzia eta bizkortasuna, Xalbadorren sakona, Joxe Lizasoren gatza eta Joxe Agirreren ziria bereganatzen saiatu dela bertsolari gisa. Lortu ere egin duela esan dezakegu. Berezko dohain apartak dauzkala dudarik ez dago, baina jaiotako tokiak ere garrantzia handia izan duela, hori ere ezin ukatu. Mapa bat dauka etxean Imanolek, topografiko horietako bat, eta boligrafo gorriz markatuta Azkoitia Azpeitia inguru honetako bertsolarien jaiotetxeak; Euskal Herrian beste inon ez bezalako dentsitatea ageri da. Eta zer esanik ez fokoa pixka bat zabalduz gero eta Aia eta Zarautz ere hartuz gero.

Bertsolari izan nahi duenak begiak eta belarriak beti erne eduki behar dituela dio Imanolek. Bertsoa hitzaren jolasa denez, hizkuntzaren sena bete-betean daukaten herritarrei adi egon da beti Lazkano. Baita ikasi ere latz. Ziriak, ateraldiak, adar jotzeak… denak menperatzen ditu. Baina bestelako erregistroa ere, sentimenduena eta barne begirakoa, oso bere egin du. Zein bertsozalek ez du gogoan 1994ko ‘Amona’ izeneko bertso-sorta hura?

Ezaugarri hauek guztiak izateagatik aukeratu zuten beharbada Lazkano Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari, aurrenekoa, 1987an. Elkartean eginkizunen artean, Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusia antolatzea. Eta, bitxikeria, ez da bera txapelketa eta lehiaketa zalea. «Nor da gai bertso baten kalitatea neurtzeko?», dio, baina halere, bertsolaritzak txapelketa behar duela jakitun, buru belarri aritu da hori prestatzeko lanean, taldean jakina, beste eginkizun askorekin batera. Izan ere, bertsolari, lau alaben aita (nahiz eta hauek hezitzearen meritu handiena emazteari ematen dion, Arantxa Odriozolari), enpresa arduradun… denetarik egin du Imanolek. Elkarteko buru 18 urtez izan zen, lekukoa Iñaki Murua gabiriarrari pasatu arte.

Imanol Lazkanok asko eman dio bertsolaritzari. Jaso ere asko jaso du, aitortzen duenez. Nahiz eta beti sufritu oholtzara igo aurretik, askotan botaka egin arteraino, droga bat izan da beretzat bertsoa. Eztarritik gaizki egon zenean, medikuek kantatzeari utzi beharko ziola esan ziotenean, ez zuen onartu haien epaia, eta sendatuko zuen erremedio aurkitu zuen arte ez zuen etsi. Duela zazpi urte bihotzeko ebakuntza egin ziotenean ere, osatu eta berriro bertsotan hastea beste ametsik ez zuen izan. Orain, oholtzatik erretiratzea erabaki duen honetan, omenaldiak eta esker oneko ekitaldiak iritsiko zaizkio. Aurrena, esan bezala, hilaren 29an Ordizian. Negar egingo du, seguru, lagunez inguratuta baina Joxe Agirre gabe ikusten duenean bere burua.