NAIZ.INFO
DONOSTIA

Jaia, kirola eta aldarrikapena elkartuko ditu euskal futbol selekzioaren partidak Donostian

Iluntzeko zortzietan abiatuko da Euskal Herriko eta Boliviako selekzioen arteko partida, baina aurrez jaia eta aldarrikapena izango dira protagonista Donostian. ESAITek egun osoko egitaraua antolatu du eta Etxerat elkarteak presoen eskubideen aldeko elgarretaratzea ere antolatu du.

Selekzioaren partidak aldarrikapen egun bilakatu ditu urtero ESAITek, irudian Bilbon orain bi urte. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)
Selekzioaren partidak aldarrikapen egun bilakatu ditu urtero ESAITek, irudian Bilbon orain bi urte. (Monika DEL VALLE / ARGAZKI PRESS)

Ofizialtasunaren aldarrikapena «euskal gizartearen gehiengo zabalak» babesten duen aldarrikapena dela erakutsi nahi du gaur Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT-ek), pasa den astean gaurko antolatutako ekimenen berri emateko agerraldian adierazi zuten.

Argazki eta telebista kamera gehienak 20.00etatik aurrera abiatuko den partidara begira egongo diren arren, egun osoan zehar ofizialtasunaren aldeko aldarrikapen jaia antolatu du ESAITek. 

Egun osoan zehar musika, txoznak, kontzertuak eta puzgarriak antolatu dituzte Gasca kiroldegian. Eguerdirako profesionalen arteko eskuzko pilota partida antolatu dute eta 16.00etan Irrien Lagunak ikuskizuna Gascan bertan. 

Arratsaldeko bostetan kalejira izango da ofizialtasunaren alde Boulevardetik abiatuta, Gascan amaituko da ekitaldiarekin eta ondoren partida pantaila erraldoiean jarraitzeko aukera izango da.

Partidaren osterako gorde dute festaren atal nagusia, Ska keitan eta La Pop'lla 2.0 taldeak ariko dira giroa berotzen.

Etxeraten deialdia 

Esaitek antolatu duen festan Etxerateko bi kidek ere hartuko dute hitza eta 19.00etan kontzentrazioa deitu dute Anoetako sarrera nagusiaren aurrean. Urtarrilaren 12ko Bilboko manifestazioa indartzeko ere baliatuko dute gaurko protesta.