NAIZ.INFO
BILBO

«Siglen gainetik» guztiok Bilbon egotea «ezinbestekoa» dela nabarmendu du Herrirak

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak (EBB) alderdi moduan urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestazioan parte ez hartzea erabaki duen arren, alderdi horretako kide eta militante ugari kalera aterako diren ziurtasuna du Herrirak, jasotako atxikimenduen pluraltasuna ikusirik.

Datorren urtarrilaren 12an euskal preso eta iheslarien eskubideen alde Bilbon egingo den manifestazioan EAJk alderdi gisa parterik hartuko ez duela iragarri ondoren, Herrira mugimenduak alderdi horretako kide ugarik mobilizazioarekin bat egin eta kalean izango diren ziurtasuna agertu du ohar batean.

Herriraren aburuz, «EAJk ordezkatzen duen jendarte sektoreak ezin du kanpoan gelditu giza eskubideak eta alderdi honek Gasteiz edo Bilboko Udaletan babestu dituen aldarri konkretuak aldarrikatzen dituen mobilizazio batez ari garenean».

Hala, Herrira mugimendua jakitun da EAJren oinarri soziala eta militantzia ere mobilizazio «erraldoiean» izango dela. «Jakitun garelako –azaldu dute– gure aldarrikapenarekin ehuneko ehunean bat egiten dutela, amankomuneko elkarlanak bidea erraztuko duelako, siglen gainetik ezinbestekoa da guztiok Bilbon izatea». Zentzu horretan, jasotako atxikimenduek islatzen duten «pluraltasuna» azpimarratu du Herrirak.

‘Giza Eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira’ dioen pankartaren atzean «euskal jendartearen gehiengoak» duela lekua adierazi du Herrirak, «mobilizazio barnebiltzaile eta irekia» baita, «euskal jendartearen nahia irudikatu nahi duena».

«Urtarrilaren 12koa Euskal Herriko historiako mobilizaziorik handienetakoa izango da, baliteke handiena izatea. Bertan, sentsiblitate eta ideologia guztietako pertsonak izango dira. Espetxe politikaren ondorioek eta giza eskubideen urraketek euskal jendearen esparru guztiak kolpatzen baitituzte», aldarrikatu du Herrirak.