Gotzon ARANBURU
LEGAZPI

Txerria hazi eta hiltzea

Eguraldi hotza behar da txerria hiltzeko. Hori badakite baserritar guztiek, eta horregatik dago pozik Legazpiko Astaolako Tomas, eguna freskoa datorrelako. Baina haizeak oso zakar jotzen du eta horrek ez dio hainbeste graziarik egiten, sua piztu beharra ere badago-eta. Berrehun kilotik gorako txerrama kendu dute baserri honetan. NAIZ horren lekuko izan da.

Txerria garbitzen, zintzilikatu aurretik. (Gotzon ARANBURU)
Txerria garbitzen, zintzilikatu aurretik. (Gotzon ARANBURU)

Aizkorri menditik indartsu dator haizea eta Tomasek ez du arriskatu nahi. Edozein txinparta txiki ganbarako belar ondura iristea nahikoa litzateke sutea pizteko. «Traktorean eraman eta bideko babes hartan erreko diagu», esan dio anaiari.

Aurretik hil egin behar, ordea. Zeregin honetan eskarmentu handiko gizona ekarri dute, eta oso denbora gutxi behar izan du txerriari bizia kentzeko. Lepo azpiko zauritik borborka dario odola animaliari, eta etxekoandreak ontzi batean jaso du dena, gero horrekin egingo dituzte-eta odolkiak. Guztiz odolustu denean, traktorearen palarekin jaso eta etxetik berrehun bat metrora eraman dute txerria, haizearengandik babestutako txoko batera.

Garoa pilatu, su eman, eta poliki poliki azala erretzen joan zaio txerriari. Zuria zena beltz bihurtu da. Alde bat erretakoan, irauli eta bestea erretzeari ekin diote. Gaur egun, butanoz egiten dute zenbait tokitan lan hau, sopletea erabilita, baina Astaolakoek ohiko moduan egin nahiago dute, garoarekin alegia. Bukatutakoan, berriro baserrira, ondo garbitzera. Mangerako urez lagunduta, eskuila eskuan, garbi garbi egin dute animalia.

Etxeko denak ari dira lanean. Guztientzako dago zereginen bat, umeentzako eta helduentzako. Baina aiztoarekin hasteko orduan harakinari utzi beharra dago, hura da protagonista orain, eta beste guztiak laguntzaile. Harakinak segurtasun handiarekin darabil aiztoa, baita eskuko aizkora ere. Zirujau batek bezala, badaki non moztu behar den, nondik tira, eta ez du alferrikako kolperik jotzen. «Hau aprobetxatzen al duzue?» galdetzen die etxekoei, eta baiezkoa emanez gero, sukalderako erretiluan uzten du errai zatia. Ezezkoa jasoz gero, zakurrarentzako ontzira botako du. Anatomia klasean egotea bezala da: «Hau giltzurruna da… hau behazuna…» azaltzen du gizonak.

Harakinak emandako entrekula zati batzuk zilarrezko paperean bildu ditu etxeko alabak, albaitariak azter ditzan. Garai batean trikinosi kasu bat edo beste azaltzen ziren, baina gaur egun desagertuta dago gaixotasun hori. Hala ere, albaitariak froga egitea agintzen du legeak, eta hala egiten da. Haren baiezkoa jaso arte, ez da ezer jango. Ukuiluan zeregin hauetan ari diren bitartean, sukaldean porrua eta kipulak zuritzen eta xehatzen ari dira emakumeak, gero eltze handi batean egosteko eta ondoren odolkiak egiteko, hesteak betez.

Gipuzkoan buruz gora, Araban buruz behera

Goizeko lanak bukatu dira Astaolan. Txerria makila lodi batean zintzilikatu eta han egingo ditu ordu batzuk, hozten, arratsaldean urdaiazpikoak eta bestelako gutiziak kendu arte. «Gipuzkoan buruz gora uzten dugu txerria, Araban, berriz, buruz behera. Ez dakit zein eratara izango den egokiagoa, baina guk etxeko ohiturari jarraitzen diogu» dio Tomasek.

Txerria hil eta egun berean gibela jateko ohitura handia dago baserrietan. Astaolan ere hala egin dute, baita kazetaria gonbidatu ere. Egungo bizitza urbanoan zeharo arrotza gertatzen zaigun ekintza, jateko hiltzea eta geuk hildakoa jatea, bertatik bertara ezagutzen ari gara.

Garai batean oso zabalduta zegoen txerria etxean hiltzeko usadioa Euskal Herrian. Txerribodaren ondorengo egunak alaiak ziren, zer jan ugari izaten zen-eta baserrian. «Ezkondutako urtea eta txerria hildako astea, onenak», hala dio atsotitzak. Gaur egun gutxi dira txerria etxean hazten dutenak, baina ez da guztiz galdu ohitura. Irailean ardi zaharra hiltzea, berriz, ia guztiz desagertutako usadioa da.

Esan ohi den moduan, txerriak dena du probetxuzkoa. Odolarekin odolkiak egiten dira, giharrarekin txorizoak, belarriak eta hankak ere jaki ederrak dira, urdaiazpikoa zer esanik ez… Inguruko baserrietakoei hauetako gutizia batzuk oparitu ohi zitzaien, eta gero haienak jaso trukean, euren txerria hildakoan. Oliba olioa zabaldu zen arte, txerriaren gantzak eta koipea erabiltzen ziren sukaldean frijitzeko.

Noiz hil behar da?

Noiz hil behar da txerria? Neguan, abenduaren eta otsailaren artean, baina egun zehatza jakiteko ilargiari begiratu behar zaio. Resurreccion Maria de Azkuek Bizkaian jasotako esaldiak honela dio: «Txarria hilteko hirargiaren eguna, zazpigarrena ta hamaka ta hamazazpigarrena dira onak». Zuberoan, berriz, hau esan zioten Azkueri: «Xerri ordotsa gorapenean hil behar da, eta urrixa eztiapenean».