Naiz.info
Donostia

Larunbateko manifestazioari atxikimendua adierazi diote Capdeviellek eta Lassallek

Colette Capdevielle eta Jean Lassalle PSko eta MoDemeko diputatuek, larunbatean Herrirak Bilbon deitutako manifestazioari atxikimendua adierazi diote.

Jean Lassalle (zutik), Telesforo Monzonen pastoralean, François Hollanderen ondoan. (Bob EDME)
Jean Lassalle (zutik), Telesforo Monzonen pastoralean, François Hollanderen ondoan. (Bob EDME)

Larunbatean Herrirak presoen eskubideen alde Bilbon deitu duen manifestazioa atxikimendu ugari biltzen ari da. Kasu honetan, Ipar Euskal Herritik heldu da babesa. Colette Capdevielle eta Jean Lassalle PS eta MoDem alderdietako diputatuek sostengua adierazi diote deialdiari, Herrirak adierazi duenez.

Herrirak gogora ekarri duenez, gaur urtebete bete da Bilboko kaleak bete zituen «mobilizazio historikotik» eta oran arte bildutako datuen arabera hilaren 12koaa ere «historikoa eta erraldoia» izango da. Autobusen datuek, esaterako, iazkoak gainditzen dituztela jakinarazi du ohar batean.

Mobilizazioa egunez egun babes gehiago jasotzen ari dela nabarmendu zuten orain egun gutxi Bilbon eskainitako prentsaurrekoan. Urtea amaitu aurretik, esaterako, futbol jokalari ohiek egin zuten Lekeition Bilbora joateko deia. Ehunka dira dagoeneko, norbanakoak zein taldeak, Bilbon egoteko gonbidapenari baiezkoa eman diotenak. Bederatzi indar politikok bere presentzia baieztatu dute. Ezker Batua, Aralar, Euskal Komunistak, Alternatiba, ezker abertzalea, Eusko Ekintza, Eusko Alkartasuna, Gorripidea eta Antikapitalistak bertan izango dira; EAJk, aldiz, ez dela Bilbon izango baieztatu du.

Larunbaterako egitarau zabala antolatu du Herrirak. Jendetza espero dute Bilboko kaleetan eta 300 lagun baino gehiago ariko dira boluntario lanetan.

Ekitaldiei dagokienez, goizeko 11.00etatik aurrera Areatzan karpa bat jarriko dute, musika emanaldi, herri kirol ikuskizun, rokodromo, puzgarri, erakusketa eta janari eta edari eskaintzarekin, besteak beste.

Alde Zaharrean, 12.30etik aurrera trikitilariak, bertso-batukada, zanpantzarrak eta bertsolariak izango dira.

Manifestazioa, berriz, 17.30etan hasiko da Kasillatik eta isila izango da. Preso eta errefuxiatuen senideak joango dira aurretik. Udaletxe aurrean bukatuko da.