NAIZ.INFO
DONOSTIA

Diasporako euskal kultur ekitaldiak jasoko ditu NAIZeko Agendako atal berriak

Gaurtik aurrera, NAIZeko Agendak atal berria du, ‘Diaspora’ izenekoa, euskal kulturaren inguruan munduan zehar antolatzen eta ospatzen diren ekitaldiak jasotzea helburu duena.

‘Diaspora’ atal berria.
‘Diaspora’ atal berria.

Gaurtik aurrera, NAIZeko Agendak atal berria du, ‘Diaspora’ izenekoa, euskal kulturaren inguruan munduan zehar antolatzen eta ospatzen diren ekitaldiak jasotzea helburu duena.

Otsailean zehar, adibidez, hamaika pelikula izango dira ikusgai Bartzelonako Euskal Etxeak antolatutako Euskal Zinema Jaialdiaren zortzigarren edizioan, eta emanaldi guztiek izango dute aipamen berezia NAIZen Agendako txoko berrian. Baita Fermin Muguruzak hilaren 13an Bartzelonan eskainiko duen kontzertuak ere. Eta Berri Txarrak taldearen partehartzeak ekaineko Hellfest Jaialdian edo Donostiako Orfeoiak Parisen eta Toulousen egunotan eskainiko dituen Hector Berliozen ‘Faustoren Kondenazioa’ emanaldiek ere.

Madrilgo euskal etxeak antolatutako ‘Larunbata goxuak’ izeneko hitzordu gustagarriak, Mariasun Landak Garikoitz Mendizabalen musikaz lagunduta Parisen eskainiko duen euskal literaturaren irakurketa, Argentinako Cordoba herriko Gerora Euskal Etxe gazteak euskara eta euskal kulturaren inguruan antolatutako ikastaroak, Bartzelonako Euskal Etxeak lanpostu bat betetzeko egindako deialdia, zenbait euskal idazleren partehartzea BCNegra literatura jaialdian, Boisen antolatutako ikerketa bekak
, Shangaiko euskal erakusketak...

Sekzio berriak, jakina, mundu zabaleko euskal etxeen kolaborazio zuzena izango du, baina, ahalik eta aberatsagoa izan dadin, irakurleen partehartzea oso garrantzitsua izango da. ‘Ekitaldiren bat antolatu duzu’ atalaren bidez ekitaldiak bidali ahal izango dira.