Naiz.info
Donostia

Pablo Milanes Donostian izango da

Osasun arazo bat zela-eta duela urtebete bertan behera utzi behar izan zuen emanaldia eta martxoaren 13an Donostian izango da.

Pablo Milanes kantautore kubatarrak kontzertua eskainiko du martxoaren 13an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian, 20.00etatik aurrera. Osasun arazo bat zela-eta duela urtebete bertan behera utzi behar izan zuen emanaldia izango da, Donostia Kulturak jakinarazi duenez.

Milanes Troba Kubatar Berriaren zutabeetako bat eta nazioartean oihartzun handienetakoa duen musikaria da, bere letren poesiari eta kanten gozotasun melodikoari esker.

Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta Baionan

Bestalde, Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta musikariek euskal musika abestuari buruzko hitzaldi-kantaldi multimedia eskainiko dute otsailaren 20an Baionan, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez.

Aiako eta Gernikako kantarien proiektuak euskal musikagintzaren historia aztertzeko asmoa du, eta horretarako, erreferente, garai eta kanta ezagunen bidez apailatutako ibilbidea egingo dute.

Hitzaldia New Yorkeko Cervantes Institutuan eskaini zuten lehenengo aldiz Markezek eta Elorrietak, Basque Cultural Exchange in New York programaren bukaera moduan, eta hilabete honetan Valentzian plazaratu dute bigarren aldiz.

Hirugarren eta Euskal Herrian emango duten lehenengo saioa otsailaren 20an izango da, Baionako Fakultateko 040 anfiteatroan, arratsaldeko 15.00etatik aurrera.