Naiz.info
Bilbo

Ikuskizun berria estreinatuko dute Kukaik eta Tanttakak ostiralean Bilboko Arriaga Antzokian

Kukai dantza konpainiak eta Tanttaka Teatroa taldeak indarrak batu dituzte ikusleei ‘Komunikazio-Inkomunikazioa’ dantza ikuskizun berrian. Ostiralean izango da estreinaldia, Arriagan.

Kukaik entsegua egin du gaur, estreinaldiaren aurretik. (ARGAZKI PRESS)
Kukaik entsegua egin du gaur, estreinaldiaren aurretik. (ARGAZKI PRESS)

Arriagako arduradunek jakinarazi dutenez, ‘Komunikazio-inkomunikazioa’ bere historiako laugarren dantza ekoizpena da, 2009ko maiatzean estreinatutako ‘Pobres bestias’, ‘Burnia’ (2011) eta 2012ko urtarrilean Igor Yebrarekin estreinatutako ‘El Cascanueces’ obren ostean.

Aitor Beltran eta Miren Gaztañaga aktoreak, eta Eneko Gil, Helena Golab, Ibon Huarte, Alain Maya, Urko Mitxelena, Iñaki Telleria eta Nerea Vesga dantzariak parte hartzen dute dantza-ikuskizun honetan.

Ikuskizunaren arduradunek Mikel Laboa aipatu dute inspirazio iturri bezala, «komunikazio-inkomunikazioaren begiekin so egin ohi baitzuen, eta inspirazio iturri horrek irekitako leihoetan ipini dugu begirada».

Lanaren sinopsiari dagokionez, gizabanakoak, taldeak, munduak edo unibertsoak etengabeko harremanetan bizi dira, komunikazioan edo inkomunikazioan. «Dantzatuz, kantatuz, oihu eginez edo isiltasunez elkarrizketak sortuz edo bakarrizketetan igeri eginez edota arte jardueren eta pertsonen arteko mugak urratuz, komunikatuz, inkomunikatuz» sortu dute Kukai eta Tanttaka taldeek ikuskizun berria.