NAIZ.INFO
BRUSELA

EBk Euskal Herriko prozesuan «rol garrantzitsua» jokatu beharko lukeela uste du Sortuk

Gorka Elejabarrieta Sortuko kideak dei egin dio Europako Batasunari presoen aferan zein Euskal Herriko bake prozesuan «rol garrantzitsua» jokatzeko. Era berean, «bake justu eta iraunkor» baten bidean preso politiko guztiek aske izan beharko luketeela aldarrikatu du.

Europako Parlamentuan egin den «Prisoners: Key to peace» konferentzian parte hartu du Gorka Elejabarrieta Sortuko kideak, hitzartzeen txandan.

Instituzio horrek azken urteetan euskal prozesuan izan duen parte hartzea gogoratzen hasi du bere interbentzioa Elejabarrietak. Modu horretan, 2010eko martxoaren 29an Brian Currinek egin zuen Bruselako adierazpena edota 2006ko urrian Europako Parlamentuan Euskal Herriko gatazkaren inguruan egin zen eztabaida izan ditu hizpide.

Ipar Irlanda edota Hegoafrikako konponbide prozesuetan presoek izan zuten papera azpimarratu du jarraian eta, horri lotuta, Estatu espainiar zein frantsesaren jarrera kritikatu du: «badakigu ez dutela urrats positiborik eman arlo honetan».

Bide horretan, Euskal Herrian «bake justu eta iraunkorra» lortze bidean preso politiko guztiak askatu behar direla gaineratu du Elejabarrietak. Horretarako, hiru proposamen zehatz egin ditu: «dispertsioarekin amaitu behar da, larriki gaixo dauden presoak askatu behar dira eta 197/2006 doktrina aplikatu zaien preso guztiak askatu behar dira».

Presoen inguruan Europar Batasunak «rol garrantzitsua» joka dezakeela aipatu du, «baita Euskal Herriko bake prozesuan ere».