NAIZ.INFO
DONOSTIA

Herritarren inplikazioaren garrantzia islatzen du M18Plazara ekimenaren spotak

Datorren maiatzaren 18an Euskal Herriko plazak betetzea helburu duen ekimenaren spota aurkeztu du Herrira mugimenduak. Lander Garrok egina da eta konponbidea eta bakearen erronkari aurre egiteko orduan herritarren inplikazioak duen garrantzia irudikatzen du.

Donostiako Doka Kafe Antzokian aurkeztu du Herrira mugimenduak datorren maiatzaren 18an Euskal Herriko 200 plaza baino gehiago beteko dituen #M18Plazara ekimenaren spot ofiziala.

Urtarrilaren 12ko herri mobilizazio orokorraren ‘Denbora’ filme laburrean bezala, Lander Garro errenteriarrak zuzendu du lana.

Garrorekin batera, hainbat aktore eta herritarrek hartu dute parte iragarkian. Preso eta iheslarien auziari zein konponbidea eta bakearen erronkari aurre egiteko, herritarren inplikazioak duen garrantzia islatzen du spotak.

Herrira mugimenduko kideekin batera, erakunde, alderdi, sindikatu eta bestelako eragileetako ordezkariak izan dira aurkezpenean. Besteak beste, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea edo kargu bera izan zuen Ramon Labayen izan dira bertan.