NAIZ.INFO
IRUÑEA

Ehunka lagunek hartu dute parte Txantrean euskal eskola publikoaren aldeko festan

Ehundaka lagun, eguraldi txarrari aurre eginez, bildu dira Txantrean Sortzen Ikasbatuakek antolatutako euskal eskola publikoaren aldeko jaian.

Euskal eskola publikoaren aldeko jaialdiaren irudi bat. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)
Euskal eskola publikoaren aldeko jaialdiaren irudi bat. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Goizeko hamarretan ekin diote Sortzen Ikasbatuakek antolatutako euskal eskola publikoaren aldeko jaiari Txantrean Bernart Etxepare ikastetxetik abiatu den lasterketa batekin. Txantreako kaleetan barrena ibili dira eta auzoko hainbat eragile batu zaizkie.

Lasterketa amaitu ostean, hamaiketakoa egiteko aukera izan dute eta bertako joaldunek berotu dute giroa.

Cristina Andres Bernart Etxepare ikastetxeko irakasleak hartu du hitza ekitaldi nagusian. Hezkuntzak behar duen kalitatea nabarmendu du eta gaurko jaialdiak hezkuntza eremuari ematen dion bultzada goraipatu du.

Gari Torregrosak hitz egin du Sortzen Ikasbatuazen izenean eta elkartea burutzen ari den barne hausnarketaren berri eman du. Ekitaldia amaitzeko jaialdia antolatzen ibili diren eragile guztiak igo dira oholtza gainera.

Behin ekitaldia amaituta, bazkari herrikoia egin dute Bernart Etxepare ikastetxean.