Naiz.info
Donostia

Presoen eskubideen aldeko manifestua sinatu dute 40 musika taldek Hatortxurock-i begira

«Gizartearen zauri horiek guztiak ehunka abestiren inspirazio iturri» izan direla aldarrikatu dute 40 talde horiek eta Hatortxurock jaialdia «elkartasunarekiko hitzordua» dela ohartarazi dute.

Muntaia lanak, larunbatean jaialdia prest egoteko. (HATORTXUROCK.ORG)
Muntaia lanak, larunbatean jaialdia prest egoteko. (HATORTXUROCK.ORG)

Zea Mays, Iheskide, Fermin Muguruza-Kontrakantxa, Bide Ertzean, Doctor Deseo, Betagarri, Vendetta, Kaotiko, Berri Txarrak, Willis Drumond, Stupenda Jones eta beste hainbat taldek sinatu dute Hatortxurock jaialdiari begirako manifestua.

Musika eta berau sortzen den errealitate soziala nahitaez loturik daudela azpimarratzen dute, baita euskal presoen egoerak ere. «Euskal Herrian preso eta erbesteratu politikoak egoteak eragina izan du gure herriaren historian, eta hala islatu da bertako musikan eta kulturgintzan ere».

Euskal musikak «salaketaz eta elkartasunez jantzitako notak zabaldu ditu, haiek etxeratzeko eskaera gogoan beti».

Erbesteratu eta presoen egoerak, «gizartearen zauri horiek guztiak», ehunka abestiren inspirazio iturri izan direla gogora ekarri dute, eta adierazpenaren sinatzaileek haien balioa nabarmendu nahi izan dute.

«Abesti horiek gure gizartearen argazkiak dira. Gure herriak bere-berea duen bertute baten fruitu dira, elkartasunarena, alegia», dio adierazpenak.

Haien esparrutik ekarpenak egiten jarraituko dutela azpimarratu dute, ahalegin guztiak «beharrezko» direla iritzita.

Hatortxurocken 15. edizioari ongietorria ematen diote, eta larunbatean bertan izango direla bermatu dute, «batzuk eszenatokian eta besteak behean». «Elkartasunarekiko hitzordu hau denona da, eta ez dugu huts eginen. Zatozte gurekin».