NAIZ.INFO
DONOSTIA

Elkartasun Asteburua: Lasterbidean eta Hatortxurock

‘Elkartasun Asteburua’ ekimena osatzen duten bi hitzorduak izango dira, seguruenik, asteburuko ekitaldirik jendetsuenak: Hatortxurock eta Lasterbidean.

Lasterbidean ekimenaren ikurra.
Lasterbidean ekimenaren ikurra.

‘Elkartasun Asteburua’ ekimena osatzen duten bi hitzorduak izango dira, seguruenik, asteburuko ekitaldirik jendetsuenak. Larunbatean eta igandean, Atarrabian eta Oiartzunen, euskal preso politikoen eskubideen aldeko eta euren senideei babesa erakusteko egingo diren elkartasun ekimenak dira: Hatortxurock kontzertua ‘15 edizio zuek gabe. 15.000 kilometro zuekin lemapean Atarrabian, eta Lasterbidean, nazio elkartasun lehen lasterketa Oiartzunen. Zergatik Lasterbidean? Hona hemen antolatzaileen erantzuna: ‘Bidea laster egiteko lasterbidea sortzen ari gara. Laster, bidean izango ditugu; etxera bidean’.

Baina, jakina, ez dira asteburuko ekitaldi bakarrak. Badira jai giroan ospatuko diren beste hamaika ekitaldi, honako hauek, besteak beste: Zirkualde jaialdia Bilbon; Bisiguaren festa Tolosan; Donostian XII. Sagardo lehiaketa; Bizkaiko Trikitixa Eguna Plentzian; Zugarramurdiko Xareta Eguna; Barakaldoko Gerezi Eguna; Gazta azoka Etxalarren eta Lezamako Txakolin Eguna. Gozozaleek, dudarik gabe, Bilbon dute hitzordua ‘Los dulces del convento’ azokan.

Horrez gain, Mintzalagunen jaia ospatuko da Elgoibarren; 11 Kolore Fest Donostian; Murgian Euskal Eskola Publikoaren jaia ‘Haziak indartu’ lemapean eta ESAITek antolatutako Euskal Herria Mendi Erronka Leitzan, ofizialtasunaren aldeko aldarria, lehiaketa eta festa giroa uztartuko dituena. Gainera, ekaineko lehen asteburuan urtero egiten den bezala, Bardeako tiro eremuaren aurkako martxa egingo da.

El Sol jaialdiak ere leku berezia du asteburuko agendan, batez ere publizitatea gustuko dutenen artean. Rock eta zinezaleek, berriz, Zarautz dute topaleku, bertan ospatzen ari baita  Rockumentalak jaialdia, eta literatura atsegin dutenek jakin dezatela Larrabetzun Literaturia topaketak ari direla ospatzen ‘Kale gorrian’ lemapean.

Musikak, beti bezala, aipamen berezia merezi du, asteburuko eskaintza luzea eta anitza delako. Hemen kontzertuen proposamen zerrenda.