Naiz.info
Donostia

‘Bateragune auziko’ sententzia bertan behera uzteko eskatu dio Aralarrek Konstituzionalari

Aralarrek uste du Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiak agerian uzten duela «Estatu espainoleko demokraziaren kalitate txarra, edo hobeto esanda, bere gabezia demokratikoa». Gorenak igorritako sententzia bertan behera uzteko eskatu dio Auzitegiari.

Maeztu eta Lopez de Munain, goizean eskainiatko prentsaurrekoan. (ARALAR)
Maeztu eta Lopez de Munain, goizean eskainiatko prentsaurrekoan. (ARALAR)

Aralarren aburuz, «nabarmen geratu da Estatuaren ustezko demokraziaren parte diren botereak, frankismoaren oinordeko zuzena dela». Auzitegi Konstituzionalak atzo iragarri zuen ‘Bateragune auzian’ espetxeratutako bost euskal militanteak, Arnaldo Otegi tarteko, espetxean mantenduko dituela Auzitegi Gorenak igorritako sententziari buruz erabaki bat hartu artean.

Dani Maeztu eta Igoir Lopez de Munainek prentsaurrekoa eskaini dute erabakia baloratzkeo eta adierazi dutenez, Auzitegi Konstituzionalak «argi utzi du nahiago duela lege antiterrorista eta gisako salbuespen legeak oinarri izatea, eta ez giza eskubideak oinarri dituen Konstituzioa bera».

«Ulergaitza» da, alderdiaren iduriko, «soilik politika egiteagatik pertsonak kartzelaratuak izatea, beraien eskubide zibil eta politikoak urratuz; eta bestetik, salbuespeneko legedi batean oinarritzea, Auzitegi Goreneko sententziaren kunplimentua etetea ukatzeko».

«Zentzugabekeria eta arduragabekeria ikaragarria da gertatutakoa», ohartarazi dute eta politikari egiten zaion kaltea «neurtu ezina» dela salatu. «Gisa honetako erabakiek pertsonak kriminalizatzeaz gain, politika bera kriminalizatzen dutela» adierazi dute Aralarreko bi ordezkariek.

Auzitegi Konstituzionalak aurrerantzean emango duen sententzia «aurrekari» bihurtuko da beste hainbat epaiketa eta kasuetarako, beraien iritziz, «ehunka baitira soilik politika edo lan soziala egitegatik inputatuta aurkitzen diren pertsonak».