Oihana Llorente - GAUR8.INFO
BILBO

Gazteleku elkartea

Gizarte bazterkeria errealitate krudel duen Bilboko Errekalde auzoan sortu zen Gazteleku. Auzotik, auzotarrek eta auzoarentzat sortu ere. Etorkin askoren aterpe, komunitate garapena dute mugarri. Umeak eta aisialdia aitzakiatzat hartuta, gizarte sarea josi eta bizikidetza hizki larriz idazten dute.

Gaztelekun ekimen ugari egiten dituzte. Irudian, joskintza ikastaroa. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Gaztelekun ekimen ugari egiten dituzte. Irudian, joskintza ikastaroa. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Guggenheimen dirdira edo hondartza berdearen itzala ez dira Bilboko Errekalde auzora iristen. Metroa ere lekutan dago, eta, buru gainean, zerua beharrean, autobidearen hormigoia dute. Auzoa eraberritzeko eta aintzat hartuak izateko maiz borrokatu dira bertako bizilagunak. Mobilizazio tradizio handia duen auzoa da Errekalde eta, egun ere, aldarrikapenen sokatik tiraka diraute.

Gazteleku da horren lekuko, auzotik, auzoarentzat eta auzotarrek sortutako elkartea. 35 urte betetzear dituela, bere egitekoa «inoiz baino premiazkoagoa» dela iritzita, etorkizunera begira harrapatu ditugu bertako kideak.

Alberto Fernandez eta Goizalde Azkona Gazteleku errealitate egiten duten dozenaka boluntario horietako bi dira. Orain 35 urte, orduko instituzioek gazte eta nerabeen esparruan betetzen ez zituzten beharrak asetzeko bokazioz, sortutako mugimendua jaso dute oinordetzan, eta hura ondo baino hobeto kudeatzen dutela frogatu dute. «Elizatik aldendu eta balio laikotan oinarritutako aisialdi eskaintza zabaltzea zen lehen asmoa –hasi zaigu kontatzen Azkona–. Udalekuak besterik ez zituzten egiten hasieran, baina arrakasta ikusita, lokal batzuk okupatu eta urte osora zabaldu zuten eskaintza». Errekaldeberriko Familia Elkarteko Gazte Batzordeko garaiak ziren haiek, 70eko hamarkadaren amaieran.

Baztertutako auzoa zen Errekalde, eta Estatu espainoletik zetozen etorkin askoren aterpe. Egun ere bere horretan jarraitzen du auzoak eta mundu osoko pertsonak ditu bizilagun. Gizarte bazterkeria errealitate krudel duen langile auzo honetan, gizarte mugimenduaren indarra esanguratsua zen, eta egun ere bada da. Errotik irauli nahi zuten errealitate horretan, beraz, arin eta sendo sustraitu zen Gazteleku.

Aisialdiko eskaintza zuten hasieran lan eremu, orain, baina, norabide anitzeko hamabi proiektu dituzte martxan. «Gizarte eta kultura animazioa, gizarte sustapena eta parte-hartzea eta komunitate garapena ditugu lan lerro nagusi eta horiei erantzuten diete proiektuek», azaldu digu Azkonak.

Lau urtetik aurrerako haurrei egiten diete harrera Gaztelekun eta badira nerabezaroa gaindituta begirale lanetan hasten direnak. Nerabeei zuzendutako Lilura proiektuko koordinatzailea dugu Azkona eta ondotxo ezagutzen du jarraikortasun horren sekretua, hamar urte daramatza-eta monitore lanetan. «Familia moduko bat da, gure oporraldiak udalekuak dira», esan du, alai. Ondo pasatzeko aitzakiaren atzean, baina, balioetan oinarritutako hezkuntza egon badagoela gehitu du Azkonak: «Ondo lantzen ditugu taldeak, oso talde atseginak dira orokorrean eta bertan rolak hartzen ditugu aintzat, euskararen erabilera, naturarekiko konpromisoa edo berdintasuna ere lantzen saiatzen gara».

Umeak arreta gune nagusi dituzte, baina, euren sokatik tiraka, hamaika errealitate ikusi eta artatu ditu Gaztelekuk. Gizarte egoerarik ahulenean dauden gazteei eta euren familiei laguntzeko, EISECO programa eta Zirkilu eguneko zentroa dute. «Horietan, ohikoak diren garbiketa, elikadura edo etxeko lanak lantzen dituzte ume eta senideekin», argitu digu.
Ijitoek eratzen duten gutxiengo etnikoaren komunitate garapena bultzatzeko, Kali-kalo programa dute. Bertan ijitoak diren umeekin egoteaz gainera, emakumeekin eta gizonekin lan egiten dute, talde banatuetan.

Hezkuntza dute kezka nagusi eta, gainbeheran nabaritzen zuten eskola arrakastari eusteko, Arbela zentro pedagogikoa martxan jarri dute, orain urte gutxi. Bertako arduraduna dugu Fernandez, eta pozik agertu da bertan dituzten 50 ikasleek emandako aurrerapausoekin.

Onuradun zenbaezinak

Astero, 720 errekaldetarrek jasotzen dute Gaztelekuren zerbitzuren bat, eta, urtean, azken bost urteetako batez besteko datuen arabera, 1.860tik gora dira Gaztelekuren onuradunak.
Bizilagun guztiek Gazteleku gertu senti dezaten, gainera, bere hamaika egoitzak Errekalden barrena barreiatuta ditu. Eta eraikin horiei bizia ematen dieten giza baliabide ugari daude atzean. Batzuk bertako langileak dira, beste askok, baina, musu-truk eskaintzen dituzte euren denbora eta lana. Orotara, baina, ehundik gora dira Gazteleku errealitate bilakatzen duten herritarrak.

«Zenbakiek ez diote zenbaki izateari uzten», esan du Fernandezek. Datuak alboratu eta horien atzean ezkutatzen diren historiak arakatzea proposatu digu. Izan ere, ez da lan erraza Errekaldeko belaunaldien joan-etorrian arrastoa uzterainoko balorea duen elkarte honen lana kuantifikatzea.

Etorkin eta bertakoen arteko harremana normalizatzen lan handia egiten du Gaztelekuk. Bertaratzen diren gazteak jatorri anitzekoak dira eta hori gizarteratze prozesuan laguntza handikoa dela diote. «Kultura eta maila sozial askoren eztanda dira udalekuak eta bat-batean denak familia bat bihurtzen dira. Oso aberasgarria da hori umeentzat», esan du Azkonak.

Eskola moduan, Gazteleku ere elkartzeko topagunea da eta gizarteratzeko duen modu natural horregatik auzoan sortzen diren gatazketan bitartekari lana egitea maiz egokitzen zaiela kontatu digute, harro.

Krisi ekonomikoak auzoan eragiten dituen gorabeherak azkar sentitzen dituzte Gaztelekuko kideek. Askotan, baina, egoera lazgarri horretan daudenek esan beharrik ere ez dute. «Ludotekan identifikatu ohi ditugu sintoma txiki horiek: kuotak ordaindu ezinik dauden gurasoak, umeen janzkeran nabaritzen diren premiak... Guk etengabe behatzen ditugu horrelako gauzak eta dagokien arduradunei esaten diegu, laguntza programak martxan jar daitezen», azaldu digu Azkonak.

Azken urteetan bizi dugun krisi sakonak, baina, orain dela urte batzuk zailtasunak izatea ezinezkoa zirudien familiengana heldu da. «Haietako askok zerbitzu sozialen berri ere ez dute, eta askok lotsa ere senti dezakete horietara joz gero», esan du Fernandezek.
Bidegurutze horretan dauden familiak identifikatu eta euren beharrak bideratzeko gaitasuna eduki nahi du Gaztelekuk eta hor kokatzen da, adibidez, egun Elikagai bankuarekin duten harremana. «Beti pentsatu izan dugu hori ez dela gure estiloa, baina guk laguntza hori erraztu nahi izan dugu orain. Gurea ez da karitate kontua. Guk ez dizkiogu inori arazoak konpontzen, eurek euren arazoak konpontzeko bitartekoak ipintzen ditugu, dauden zerbitzuak eskura jartzen dizkiegu», esan du Fernandezek.

Konpromisoa bueltan

Parte-hartzea du oinarri eta lan ildo. Gaztelekuren azken helburua gizartea bera aldatzea da eta, herritarrei euren bizi-baldintzak aldatzeko tresnak eskainiz, norbanakoak aldatzen ditu. Ezer eskatu gabe egiten du lan, baina bueltan atxikimendua eta konpromisoa eskuratzen ditu Gaztelekuk. Asko dira udalekuetan umetan hasi eta egun monitore direnak. Aurten, adibidez, Errekaldeko dozena bat gazte doaz beren borondatez udalekuetara, begirale moduan. Euren kemenak indarrez mugitzen du Gaztelekuren errota.

Parte-hartze kultura hori, baina, ez da Gaztelekuan soilik gotortzen. «Auzo elkartean, parrokian, garai batean Kukutza gaztetxean edota dantza taldean buru-belarri dabiltzan asko hemendik pasatutakoak dira», gehitu du Fernandezek, harro.

Desmobilizazioa lau haizetara zabaltzen den garai honetan, parte-hartzearen kultura indarrean dago Errekalden eta frogatzea zaila den arren, Gaztelekuak horren kulpa du, seguru.
Gaztelekuko kideak ez dira ekintza ikusgarrien maitale. Euren lana ez da gehiegi nabari, baina hor dago. Hor zegoen, eta, hor jarraitzen du. Jarraitutasunez, soinu askorik egin gabe aritzen dira. Isilean. Auzoko familien premiak identifikatzen, asetzen, gizarte sarea josten, eta, finean, bizikidetza hizki larriz idazten.