Oihana LLORENTE
BILBO
Elkarrizketa
Jose Luis ACEREDA
Familia hezitzailea

«Motibazioa eta laguntza da Gaztelekun aurkitu dudana»

Zirkilu eguneko zentroko ateak zabaldu dizkigu Jose Luis Aceredak. Hori du lantegi eta bertan eman digu bere historiaren berri. Zazpi urte zituela ezagutu zuen Gazteleku, lehengusina zuen monitore eta berak berotu zuen izena emateko. Haurtzaroko oroitzapen ederrak ez ditu oraindik ahantzi, ludotekan arratsaldeek di-da egiten zioten-eta ihes.

Jose Luis Acereda. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Jose Luis Acereda. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Nerabetasunak Gazteleku tarte batez alboratzea eragin zuen. Banaketak, baina, ez zuen luzaro iraun. Bi urte geroago, Gaztelekukoak ate joka etorri zitzaizkion-eta. «Begirale bila zebiltzan eta egun baterako joan nintzen. Egia esan, probatzera joan nintzen, eta, gaur arte», azaldu digu, bere artean barrezka.

Begirale lanari gustua hartuta, poliki-poliki ardurak hartzen eta Gaztelekun murgiltzen joan zen.

Ikasle txarra zen Acedera. Ez du hura onartzeko arazorik; «alferrontzia nintzen», esan du. Gaztelekuk, baina, hori ere aldatu zuen. Bertan egindako lagunek eman zioten ikasketen munduan sartzeko hatsa, eta hantxe, liburu eta ikastaro artean atrapatuta jarraitzen du oraindik ere. Begirale titulua atera zuen lehenengo, zuzendari titulua ondoren, eta 25 urterekin unibertsitateko ikasketetarako hautaproba egiteko erabakia hartu zuen. «Ez nauzue ezagutzen –adierazi du, esatera zihoana gehiegikeria ez zela frogatzeko edo– orain hamar urte pentsaezina zen ni unibertsitatean ikasten ikustea».

Ez zuen hautaproba lehen saiakeran gainditu. «Abenturara joan nintzen, eta, sekulako zartakoa jaso nuen. Lanbide Heziketako bigarren mailara arte ikasi nuen gaztetan, eta, beraz, filosofia eta horrelakoak, erabat arrotzak zitzaizkidan. Non sartu naiz? Horixe pentsatu nuen azterketa ikusterakoan», kontatu digu.

Amore ematekotan zegoela, Gaztelekuko kideek lagundu zioten eta animatu zuten. «Ez nekien nondik hasi ere eta haiek informazioa eta laguntza eman zizkidaten», kontatu digu. Akademia batean izena eman zuen eta Gaztelekun boluntarioki aritzen zen lagun batek ingeleseko itzulpenekin lagundu zion.

Hautaproba gainditu eta berehala, Gizarte Hezkuntzako ikasketetan eman zuen izena. «Motibazioa eta laguntza da Gaztelekun aurkitu dudana. Oso argi nuen zer ikasi nahi nuen, Gaztelekuren testuingurutik nentorren eta bertara zuzendu nahi nuen nire bizitza profesionala», esan du, zalantza izpirik gabe. Gaztelekun sakontzeko nahi eta gogo horrek piztu zion ikasteko garra eta horri esker da gaur egun dena: adingabekoen hezitzaile lehen, eta, familia hezitzailea, egun.

Egunerokotasunean, gazteek eta euren familiek topatzen dituzten trabak gainditu ditzaten tresnak eskaintzea du lan. Baloreak landuz, ohiturak normalizatuz, limiteak ezarriz edota erlazio sozialetan lagunduz, norberak bere errealitatea gainditzeko bidean ipintzen ditu.
Etorkizunean, bere horretan ikusten du bere burua. Ondokoak heziz eta bera ere heziz: «Ni hezitzailea naiz,  baina ni ere hezten naute. Denek ikasten dugu zerbait Gaztelekun».

Argi du Gaztelekuk bera hezi eta formatu duela. «Bigarren familia moduko bat da niretzat, bertan jaso ditut hainbat balore, lagunak ere hemen aurkitu ditut, eta, prozesu pertsonala aurrera eramateko laguntza eta babesa eman didate».

Ez zuen inoiz bere burua liburu artean imajinatzen, eta egun, euskara ikasten eta ikastaroak egin eta egin dabil. Gaztelekun, gainera, ez du soldatapeko lana bakarrik egiten, ludotekan boluntarioki ere bai baitabil.