Oihana LLORENTE
BILBO

Unibertsitatea eta gizartea eskutik hartuta

Hiru hamarkadatako bidea bizkarrean, atzera begira eta parentesi bat egin behar izan dute Gaztelekuko kideek. Hausnarketa kritikoa aurrera eramateko, baina, Koheslan, Gizarte Kohesiorako Ikasketa Taldea, izan dute bidelagun.

Fernandez, Azkona, Abad eta Arriaga, Gaztelekuren atarian. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Fernandez, Azkona, Abad eta Arriaga, Gaztelekuren atarian. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Begoña Abad, Mikel Arriaga, Oihane Garcia eta Javier G. Burutxaga soziologoek osatzen dute lantaldea, eta, hasieratik argitu nahi izan duten moduan, ikerketaren helburua ez da Gazteleku neurtzea, fenomeno sozial hau ulertzea baizik.

Gaztelekuren ibilbidean behin baino gehiagotan hartu dute hausnarketarako parada. Egoera aztertu, estrategia birpentsatu eta antolakuntza egokitzeko erabili dituzte abagune horiek. Orain, krisiaren atzaparrek bizilagunen bizi-baldintzak larriagotuta, berriz ere elkartearen eginkizuna egokitzeko premia ikusi dute. «Errealitatea inposatzen ari zitzaigun sentsazioa genuen –azaldu digu Fernandezek–, badakigu dugun jantzia txiki gelditu zaigula».

Gazteleku etorkizunera eramango duen bidea nondik abiatu jakin nahian, dialogoan oinarritutako ikerketa parte-hartzailea abiatu zuen Koheslanek. «Azterketa denen artean egin dugu, langile eta boluntarioekin», azaldu digu Arriagak.

Berrikuntza soziala hartu dute marko kontzeptual gisa, terminoa produkzio edo teknologiatik aldendu guran. «Beste dimentsio bat eman nahi diogu, sozialagoa, kualitatiboagoa.&punctSpace;Gaztelekuk genetan darama berrikuntza, beti auzoarekin harremanetan egoten eta askotariko elkarte eta beharretara egokitzen asmatu du», nabarmendu du Abadek.

Unibertsitatearen eta gizartearen arteko harremana sendotzeko ikerketa izan da honakoa eta emaitzekin pozarren daude alde guztiak. Orain, baina, Gaztelekuko kideen txanda da, «nondik hasi behar dugun esan digute, orain gure esku dago», esan du Fernandezek.
Asteartean dute lanean hasteko lehenengo hitzordua.