NAIZ.INFO
Bilbo

Bilboko udaletxea «okupatu» dute, azken hutsarazteak salatzeko

Hirurehun gazte inguruk Bilboko udaletxea okupatu dute modu sinbolikoan azken urteetan izan diren eraikin autogestionatuen hutsarazteak salatzeko. 7Katu gaztetxearen desalojo arriskua salatu dute bereziki eta lau gazte identifikatu ditu Poliziak.

Bilboko udaletxean egin dute okupazio ekimena. (TOPATU.INFO)
Bilboko udaletxean egin dute okupazio ekimena. (TOPATU.INFO)

«Udaletxe aurrean erakutsi dugu ez garela lau katu Bilbo ezberdin batekin amets egiten dugunak, alternatiba eraikitzeko prest gaudenak, urteetan erasotuak izan gara baina kontraerasorako garaia da». Bilboko udaletxean okupazio sinbolikoa egin duten gazteen deiadarra da.

Hirurehun pertsona inguruk parte hartu du ekimenean eta azken urteetan hutsarazi dituzten proiektu autogestionatuak defendatzeko egin dute. Udaletxea babesten zuten hesiak pasa eta okupazioaren zeinua jarri dute eraikinean, lau gazte identifikatu ditu Poliziak.

Bilboko Alde Zahareko 7Katu gaztetxea gogoratu dute bereziki. Husteko arriskuan dagoela salatu dute eta Udalak «muturra sartu duelako» dela hori horrela. Deialdia ere egin diete herritarrei, »mota anitzeko erresistentzian» parte hartzeko. Plentziako Danontzat gaztetxeari ere babesa adierazi diote eta Lekeitioko gazteria zoriondu dute gaztetxea lortu dutelako.

Gaurko ekimenean Sorgintxulo, Geltokia, Olabeaga, Arazkailu, 7Katu, Lakomi, Iralako gazte lokala, Kukutza, Uztaldi eta Patakon proiektuak gogoratu dituzte eta adierazi dute sistemak beste aukerarik ematen ez dien bitartean okupazioarekin jarraituko dutela.