@arianekamio
Donostia

‘Le Week-End’, maitasunaren desilusioak 30 urte eta gero

Roger Michellek ‘Le Week-End’ filma aurkeztu du Donostian, heldutasunera iritsi den bikote baten maitasun gorabeherak biltzen dituena. 30 urte daramatzate ezkonduta eta asteburua Parisen igarotzen dute, non harremanaren sufrimendua eta desilusioak agerian geratuko diren.

‘Le Week-End’ pelikulako zuzendari Roger Michell eta Lindsay Duncan aktorea. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
‘Le Week-End’ pelikulako zuzendari Roger Michell eta Lindsay Duncan aktorea. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Roger Michell komedia batekin iritsi da Donostiara. Goizeko 08.30ean egin duten proiekzio goiztiarrak kritikarengan harrera ona izan du. Lindsay Duncan eta Jim Broadbent protagonista dituen filmak heldutasunera iritsi den bikote baten maitasun egoera aztertzen du. Hogeita hamar urte bete dituzte ezkonduta eta eztei bidaia hura gogoratu nahian, Parisera bidaian doaz asteburu batez. Zergatik elkarrekin egon hainbeste urte eta gero? Horixe da Michellek bere filmean planteatzen duen galdera nagusia, harremanaren gora beherez gain, norberak dituen gabeziak ere agerian utzita, zahartzaroak eta bakarrik geratzeko beldurrak leku berezia hartzen dutelarik.  

«Ezkontide batzuk irudikatu nahi genituen eta beraien alde ilunak eta argiak. Bost minutuan norbait maitatu eta gorrotatu dezakezu. Hori da gizakiaren bitxikerietako bat eta kontraste hori irudikatu nahi izan dut», adierazi du Michellek prentsaurrean.

Berarekin batera izan dira Donostian Duncan eta Broadbent protagonistak. «Oso gauza normala izaten da britainiarrak Parisera joatea. Toki egokia zen pertsonaien miseria eta poza aurkezteko. Klitxe antzeko bat da. Han hasi ziren eta hara itzuli behar zuten», esan du.

Meg (Duncan) eta Nick (Broadbent) Birminghameko bikotea da eta Parisen berreskuratu nahi dute azken urteetan maldan behera joan den harremana. «Harreman luze baten istorioa da. Desilusioa agertzen da harremanean», nabarmendu du Duncanek.