NAIZ.INFO
IRUÑEA

Ateak Irekiren alde bihar egitekoa den elkarretaratzea debekatu du Gobernu ordezkaritzak

Gobernu espainolak Nafarroan duen ordezkaritzak debekatu egin du Ateak Irekiren eta adierazpen askatasunaren larunbatean Iruñean egitekoa den elkarretaratzea. Hala ere, erasoa jaso duen komunikabideko ordezkariek bertaratzeko deiari eutsi diote.

«Adierazpen Askatasuna. Ateak Ireki aurrera» lelopean Errenterian egindako elkarretaratzea. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
«Adierazpen Askatasuna. Ateak Ireki aurrera» lelopean Errenterian egindako elkarretaratzea. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Ateak Irekiren alde larunbatean (19.00, Udaletxe plazan) egitekoa zen elkarretaratzea debekatu egin du Gobernu espainolak Nafarroan duen delegazioak.

Ateak Irekiko arduradunek mobilizazioa deitzeko beharrezko diren tramiteak egoki bete zituzten eta elkarretaratzea baino hamar egun eman zuten haren berri. Hala ere, delegazioaren fax aparailuan izandako arazo baten ondorioz eskaera ez zen behar zuen lekura iritsi.

Carmen Albak zuzentzen duen ordezkaritzarekin harremanetan jarri dira deitzaileak egoerari irtenbide bat eman asmoz, baina Gobernu espainoleko delegazioak ez du iritzia aldatu eta ez du mobilizazioa egiteko baimenik eman.

Ateak Ireki ixteko agindua bezalaxe, honakoa ere adierazpen askatasunaren aurkako erasoa dela uste dute komunikabide horretako arduradunek.

Debekuaren gainetik, bertaratzeko deiari eutsi diote antolatzaileek, modu baketsuan Ateak Irekiren itxiera salatzeko.

Horrez gain, nabarmendu dute dagoeneko hamarka kazetari eta komunikabideren babesa jaso dutela. Momentuz, 44 kazetarik eta 9 komunikabidek helarazi duten beren elkartasuna. Hainbat eragile politiko eta sindikalek ere gauza bera egin dute.