NAIZ.INFO
BILBO | DONOSTIA

Jendetza beste urte batez San Tomas eguneko ferietan

Bilbo eta Donostiako erdiguneak jendez lepo izan dira San Tomas eguneko ferian. Txapelak edo zapiak buru eta lepoetan, txorizo eta ardo usainean, azokatik baino festatik gehiago duen arren, topaleku izan dira berriz bi hiriburuak. Azpeitian ere ospatu dute feria eta igandean Arrasateko ‘santamasen’ tartea izango da.

Bilbon Areatza izan da jaiaren kokaleku nagusia. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Bilbon Areatza izan da jaiaren kokaleku nagusia. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Batean eta bestean, eta ez soilik gaur, San Tomas giroz bete dira euskal kale eta plazak. Puntu gorena abenduaren 21arekin eta Bilbon eta Donostian bizi izan du urteko azoka nagusiak.

Euriaren izua uxatuta milaka herritarrek hartu dituzte Gipuzkoa eta Bizkaiako hiriburuak, Azpeitian ere ospakizun handia izan da. Donostian erdigunetik Groseko auzora ere hedatu dute aurten azoka eta Bilbon Areatza eta Plaza Barria izan dira azokaren kokaleku. Bietan 200dik gora salmenta postu izan dira eta udalek antolatutako ekimenez gain herri ekimenetik sortutakoak ere protagonista izan dira; Bilbon, bereziki, Konpartsek antolatutako egitarauarekin.

Donostiaren kasuan ‘Jaxinta’ zerria izan da protagonista, bere 340 kiloekin. Bilboren kasuan Athletic izan da jaiari hasiera emateko ardura hartu duena. Besteak beste Bizkaiko aizkolarien txapelketa ere izan da, Aitzol Atutxarentzat izan da txapela.

Lagun giroan, familiaz lagundurik edo bestelako konpainian gozatzeko eguna izan da bi hiriburuetan, albisteari loturiko argazki galeriak erakusten duen moduan.

Arrasaten ‘santamasak’

Igandeko Arrasateko ‘santamasek’ itxiko dute San Tomas inguruko azoka giroa. Aurten berrikuntza moduan bi txerri zozketatuko dituzte eta bazkaria eta txerri dantza izango dira urteroko moduan.