NAIZ.INFO
Bilbo

Presoen etxeratzea eskatzeko margoketak egin dituzte Bilboko tranbian eguerdian

Dozena bat lagun inguruk Bilboko tranbiaren bidea eten eta preso politikoen etxeratzea aldarrikatzeko ekimena egin dute. Tranbia geratu eta ‘amnistia’ zioen margoketa bat egin dute. Berri agentziek hasieran kristalak apurtzea egotzi diete aurpegia estalita jardun dutenei, baina gerora ez da halako erreferentziarik izan gehiago.

Ertzaintza aipatuz berri agentziek zabaldu dute 14.15 inguruan dozena bat lagunek Bilboko tranbiari «eraso» egin diotela. Antza, trena geratu dute Arriaga inguruan eta preso politikoen etxeratzea aldarrikatzeko margoketak egin dituzte.

Lehen informazioetan trenaren kristalak apurtu dituztela zioten berri agentziek, baina orduak pasa ahala datu hori kendu eta «eraso» gisa zehaztu dutena amnistiaren aldeko margoketara mugatu dute. NAIZek ezin izan du baieztatu trenaren kristalak apurtu dituzten ala ez.

Lakuako Gobernuak gaitzetsi egin du ekimena eta PPk ezker abertzaleari dei egin dio gaitzetsi dezan.