NAIZ.INFO
BILBO

Atxilotuen berehalako askatasuna exijitu du Aralarrek

Aralarrek adierazi du «oso larria» dela Guardia Zibila Hego Euskal Herrian burutzen ari den operazioa eta, horregatik, atxilotuak berehala aske uzteko exijitu du.

Ohar baten bitartez, Aralar alderdiak gogor kritikatu du Guardia Zibilak Hego Euskal Herrian egin duen operazioa, zortzi lagunen atxiloketa ekarri duena.

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiaren aburuz, «oso larria da 2014. urtean, borroka armatua amaitu zenetik bi urte igaro direnean, eskuin muturrean jatorria duten jarduerak gauzatzen ibiltzea». Rajoyren Gobernua sektore horien aurrean «gero eta ahulago eta otzanago» agertzen ari dela salatu du.

Hori dela-eta, atxilotutako lagunak aske uzteko exijitu du. «Ministerio Fiskalari eta Justizia Ministerioari eskatzen diogu erabaki hori bere egiteko, eta era honetako jarduerak haserre bizia eragiteko asmoa izan arren, lasaitasunez eta patxadaz erantzuteko deia egiten diogu gizarteari».

Amaitzeko, giza eskubideak berrezartzeko eta «antiterrorista deitutako legedei bereziak» eta epaitegi bereziak indargabetzeko deia egin du Aralarreko koordinatzaile nagusiak, «Gernikako Akordioak aldarrikatzen duen moduan».