NAIZ.INFO
BILBO

Biktimak baztertuta, «Estatu indarkeriaren apologia» egitea egotzi dio Sortuk Madrili

GAL edota BVE taldeen hainbat biktimari dirulaguntzak kentzeko erabakiarekin PP alderdia «Estatu indarkeriaren apologia» egiten ari dela adierazi du Sortuk.

Ohar baten bitartez, Estatu indarkeriaren hainbat biktimari dirulaguntzak kendu izana kritikatu du Sortuk.

«Gatazkak eragindako biktima guztien aitortza eta erreparaziorantz urratsak eman beharrean, kontrako norabidean ari da PP», gaineratu dute.

Horrez gain, salatu dute Estatu indarkeriaren biktima «gehienak ukatuak» izan direla eta direla oraindik. Dirulaguntzak kenduta, aitortza daukaten biktimak «baztertu» nahi dituztela nabarmendu du alderdi independentistak.

PPren Gobernuari biktimak «irizpide ideologikoen arabera» sailkatzen aritzea egotzi dio Sortuk, eta azpimarratu du Estatu indarkeriak eragindako biktimak baztertuz, indarkeria mota horren «apologia» egiten ari dela.