Arantxa MANTEROLA
ZIBURU

Boto-paperak eskuetan, estreinakoz hautes-bulegora

Atzokoan, 18 urte egin berri dituzten herritarrez gain, urteetan aurrera doazen hainbat herritarrek ere egikaritu zuten lehen aldiz beren bizitzan bozka eskubidea. Konponbide prozesua bultzatzeko iheslari politikoek urratsak egitea deliberatu ostean, azken hilabeteotan dokumentu ofizialak eskuratu dituzten euskal herritarrez ari gara, hain zuzen.

Alberto Aldanak bere seme Enekorekin bozkatu zuen Ziburun. (A. MANTEROLA)
Alberto Aldanak bere seme Enekorekin bozkatu zuen Ziburun. (A. MANTEROLA)

Ipar Euskal Herriko hautes bulegoetara jo zutenetako bat Alberto Aldana iheslari gorozikarra izan zen. Ez zuen, gainera, nolanahiko estreina izan. Izan ere, bere seme Eneko Ziburu Bizi hautagaitza abertzaleko zerrendaburua da. Biak batera joan ziren herriko etxeko hautes bulegora. Iheslariak ez zuen bizitako urduritasun puntua ukatu. «Bizpahiru alditan ireki dut gutun-azala boto paper zuzena sartu ote dudan egiaztatzeko», aitortu zuen. Herritar gehienentzat ohikoa den ekintzak zirrara eragin ziola ere aitortu zuen, are gehiago bere boza semeak gidatzen duen aukerari ematea egokitu zaiolako. Albertok bezala, beste iheslari batzuek ere ez zuten «betebehartzat» dutenaren aurrean huts egiterik nahi izan. Horren erakusle, herenegun Arrangoitzen etxeratzeko bidea hartu dutela iragarri ondoren, beren herrietara joateko bidaia ordu batzuk atzeratu duten iheslariak ere izan dira.