NAIZ.INFO
BAIONA

Hainbat alkatetza berri lortzeko lehian izango dira abertzale ezkertiarrak bigarren itzulian

Urruñan, Uztaritzen, Arbonan eta Ahetzen abertzale ezkertiarren hautagaiak indartsu aurkeztuko dira bigarren itzulira, alkatetza lortzeko lehian buru belarri. Hendaian hauteskundeak irabazteko aukera asko dituen Ezenarroren hautagaitza babestuko dute eta Ziburun aukera bertsuekin doan Duhaldeborderena.

Urruñako Herriko Etxea lor dezakete abertaleek eskuinaren banaketaren ondoren. (Gaizka IROZ)
Urruñako Herriko Etxea lor dezakete abertaleek eskuinaren banaketaren ondoren. (Gaizka IROZ)

Azken orduan baieztatu dute Euskal Irratiek Urruñan elkarrekin aurkeztuko direla bigarren itzulira Filipe Aramendi abertzale ezkertiarraren zerrenda eta PSko Renaud Lasallerena (1.321 boz lortu zituzten abertzaleek lehen itzulian eta 687 sozialistek), parean eskuin frantziarreko bi zerrenda: Odile de Coral egungo alkatearena eta Daniel Poulourena. Beraz, Aramendik auzapez izateko aukera handiekin ekingo dio igandeko lehiari.

Uztaritzen ere alkatetza lortzeko aukeran izango dira abertzale ezkertiarrak. Ez da akordiorik izan zerrenden artean eta beraz lau aukera izango dituzte herritarrek, lehen itzulian Bruno Carrere abertzalearena izan zen bozkatuena.

Ahetzen Santiago Capendeguy buru den zerrenda abertzalea Vitor Pereira independentearekin elkartu da, Philippe Elissalde eskuindarrari aurre egiteko eta lehen itzuliko datuei begiratuz gero Capendeguyk alkatetza lortzeko aukerak ditu. Arbonan ere lehia bizian izango dira ezkertiar abertzaleak.

Hendaian, Iker Elizalde buru duen zerrenda abertzaleak Kotte Ezenarro (PS) alkate ohiarekin akordioa erdietsi du eta, hauteskundeak irabaziz gero, lau hautetsi lortuko lituzkete, –horietako bat albokoa– eta BAB aglomerazioan eserleku bat. Baldintzak egonez gero ikastola egiteko konpromisoa hartu omen du Ezenarrok.

Ziburun ere Eneko Aldana abertzaleak eta Henri Duhaldeborde sozialistak akordioa lortu dute eta, beraz, Guy Poulou egungo auzapezaren aurka lehiatuko dira.

Biarritzen Michel Veunac zentrista buru duen zerrenda Guy Lafite zentro-ezkerrekoarekin eta Guillaume Barucq independentearekin elkartuko dira bigarren itzulirako, Max Brissonen (UMP+UDI+PNB) aurka. Veunacen zerrendan dira hainbat abertzale ezkertiar ere. Lehen itzulian %5,25 lortu zuen Mathieu Accohek (Front de Gauche) erabaki du ez duela agindurik emango bigarren itzulirako eta ez dela inorekin elkartuko.

Angeluko Hemen zerrenda abertzaleak ez du boto kontsignarik emango bigarren itzulirako.

Azkainen aurkeztu ziren lau zerrendek lortu zuten bigarren itzulira pasatzea, eta laurek erabaki dute bakoitza bere aldetik joatea.

Senperen, hiru hautagaitzak nor bere aldetik aurkeztuko dira; Dominique Idiart ezkertiarrak du irabazteko aukera handiena.

Zuraiden ere hiru zerrendak atxikiko dira, baita Donapaleun ere.

Maulen Mathias Davant ez da aurkeztuko Louis Labadotekin eginiko aliantzaren ondorioz, beraz Michel Etchebest eta Beñat Elkegarayrekin hiru zerrenda izango dira.