NAIZ.INFO

Abian da Karena crowdfunding proiektua; euskara, auzolana eta parte hartzea ardatz

Gaur jarri dute martxan Karena crowdfunding plataforma, «egitasmo txiki zein ertainen finantzaketarako tresna euskalduna» direla adieraziz abiatu dute. Proiektu zehatzak diruz laguntzeaz gain ‘Oilategia’ atala ere badu, auzolanen elkargune gisa edo, espreski finantzaketari lotu beharrik gabe.


‘Azoka herritik Faktoria’ da Karenaren bidez lagundu ahal den proiektuetako bat

Asko dira proiektuen finantzaketa modu herritarrean egiteko sarean diren plataformak, eta horiek hartu dituzte oinarri Karenaren sortzaileek, ezaugarri propioekin: euskara, auzolana eta prozesu parte-hartzaileak. Aurkezpen oharrean «ezerezean gelditu izan diren proiektuei aukera berri bat» eskaintzeko asmoaz mintzo dira eta eurena «auzolanaren eta egitasmo txiki zein ertainen finantzaketarako tresna euskalduna» dela argitu dute.

Sortzearekin batera lau proiekturen finantzaketan laguntzeko aukera eskain idute. ‘Gasteizko euskararen ahotsak’ izenekoa, Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren egitasmoa da eta gasteiztar euskaldunen ahozko ondarea batzea du xede.

‘Azoka Herritik Faktoria’ egitasmoa ere Karenaren azalean dago abiatzearekin bat. Azpeitiarrek abiatutako ekimena da hau, ‘Azoka herritik’ egitasmoarentzat gune bat sortu asmo dute. Ekimena herritarrengan bertan bizi, kontsumitu eta lan egiteko ohiturak sortzeko asmoz sortu zen eta orain elkarlanerako gunea izango dena sortu asmo dute.

Momentuz finantzaketari dagokionez anbizio handiena duen proiektua minbiziari buruzko dokuemental bat da. ‘minBIZIA eta eguneroko borroka’ izenburupean minbizia lehen pertsonan bizi dutenen eta gaitz hori duen norbaiten aldamenean dauden pertsonen bizipenak jaso asmo dituzte.

Azkenik, Guda Dantza musika taldearen estudio lana diruz laguntzeko proiektua ere Karenan lagun dezake nahi duenak.

Finantzaketa gaino gehiago

Bere burua crowdfunding proiektu gisa aurkezten badu ere, elkarlana du ardatz Karenak eta ez halabeharrez diruari loturikoa. ‘Oilategia’ izeneko atal propio bat du elkarlan hori eta auzolan egitasmoak sustatzeko. Maiz egin ohi diren galderen atal osatu bat du Karenak eta hor diote atal hori auzolanen sare bat dela. Tokian tokiko auzolan esperientziak hedatzeko eta batean eta bestean antzeko lanetan dabiltzanak elkarlanean aritzeko tresna izan nahi du atal honek.