Naiz.info
Arrasate

Irailaren 13an abiatuko du ikasturte berria Gure Esku Dagok

Arrasaten herrietako ordezkariekin batzarra egin du gaur Gure Esku Dagok, azken urteko garapenaren eta pasa den ekainaren 8ko giza katearen balorazioa egiteko. Uda hausnarketarako «garai ona dela» iritzita, irailaren 13an ekingo dio ikasturte berriari milaka lagun erabakitzeko eskubidearen alde kalera aterarazi zituen dinamikak.

Herrietako ordezkariak, Gure Esku Dagok Arrasaten egindako bilkuran. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Herrietako ordezkariak, Gure Esku Dagok Arrasaten egindako bilkuran. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Herrietako ordezkariak bildu eta batzarra egin du gaur Gure Esku Dagok Arrasaten, 2013ko ekainaren 8an Durango eta Iruñea batuko zituen giza katea aurkeztu zutenetik urtebete igaro eta ekimenaren helburuak beteta, gertatutakoaren balorazioa egiteko.

Zoriontzeko modukoa egindako lana, gaur azpimarratu dutenez. Hiru arrazoiengatik, esan dute: Pentsatzeagatik, «posible zela pentsatzeagatik». Sinesteagatik, «guregan sinetsi genuelako». Eta Egiteagatik, «esan egin egin dugu».

Iruñea eta Durango eskuz esku batu zituen giza katea antolatzerako orduan izandako buruhausteak azpimarratu badituzte ere, iragan ekainaren 8an bizitakoa ordura arte egindako lanaren izebergaren punta baino ez zela izan adierazi dute. «Jakin badakigu giza katea izan dela urte oso batean egindako lanaren punta. Ikusten den izebergaren punta baino ez», ohartarazi dute. Eta, beraien iritziz, «horra iritsi arteko jardunean dago aurrerantzean egingo dugun lanaren oinarria».

Herriz herri sortutako ilusio, kontziantza eta elkarlana azpimarratu dituzte, baita ekainaren 8an errepideetara irten ziren milaka eta milaka lagunen arteko aniztasuna ere. «Bakoitzak bere koloreak jarriko dizkio etorkizunari. Baina erabakiak herritarro eskuhartzeak batuko gaitu bateko zein bestekoak. Normalena hori baita: erabakitzea. Eta normalena hori baita: elkarrekin erabakitzea», esan dute.

Ildo horretan, nazioartera begira jarri dira. Katalunia eta Eskozia izan dituzte aipagai eta bi lurraldeek erabakitzeko eskubidearen alde egindako ibilbidea. «Orain urtebete esan genuen Europan tren bat dabilela. Demokraziarena, erabakiarena. Eskozia doa bagoi batean, bigarrenean Katalunia. Hirugarren bagoi bat gehitu genion tren horri ekainaren 8an», aldarrikatu dute.

Uda sasoia gogoetarako garai ona dela iritzita, Gure Esku Dago dinamikak ikasturte berria irailaren 13an abiatuko duela iragarri du. «Udako etxeko lanak eginda, irailaren 13an abiatuko dugu guk ere ikasturte berria. Gaur bezala, elkarrekin batu eta trenera. Bidaia luzea daukagu aurretik. Eta den dena, Gure Esku Dago!», ohartarazi dute.