NAIZ
BRUSELAS

Nabarmen merketuko da gaurtik aurrera mugikorra norbere estatutik kanpo erabiltzea

Aurrerantzean %55 merkeago izango da telefono mugikorrarekin internet norbere estatutik kanpo erabiltzea, estatuen arteko deiek %21 egingo dute behera, %28,5 deiak jasotzeak eta %25 testu mezuak bidaltzeak. 2015eko abendurako estatuz gaindiko gainsariak bertan behera uztea adostu berri du Europako Parlamentuak.

La medida aprobada por la Eurocámara afecta a las llamadas de voz, mensajes de texto e internet. (Timothy A. CLARY/AFP)
La medida aprobada por la Eurocámara afecta a las llamadas de voz, mensajes de texto e internet. (Timothy A. CLARY/AFP)

Estatuen artean, eta gure kasuan euskal lurraldeen artean, nabarmen merketuko dira internetez telefono mugikorrarekin aritzeko prezioak eta telefono dei eta mezuenak, «roaming» deritzon gainsaria. Norberaren estatuaren kanpo internet erabiltzea %55 merkeagoa izango da gaurtik aurrera eta gehienez mega bakoitzeko 20 zentimo (gehi BEZa) kobratu ahalko digute telefono konpainiek.

Telefono deien kasuan ere beherakada nabarmena izango da. %21 behera egingo du egungo gehienezko prezioak eta beraz 19 zentimo/minutuko kobratu ahalko dute gehienez konpainiek. Norbere estatutik kanpo egonda deiak jasotzea %28,5 merketuko da, 5 zentimo/minutuko gehienez, eta testu mezuak (SMS) igortzea laurden bat murritzuko da, 6 zentimo gehienez.

2015eko abendua helmuga

Gaurtik aurrera aplikatuko diren tarifa berriak apirilean Europako Parlamentuan onartu zen lege multzoaren norabidean doa. 2015eko abenduaren 15erako «roaming» gainsariak bertan behera uztea onartu zuen legebiltzar honek. Atzoko prezioen merketzea iragartzean Neelie Kroes, Europako Batzordeko lehendakari ordea eta Agenda Digitalerako arduraduna, pozik agertu zen eta Parlamentuaren erabakia betetzea espero duela esan zuen. Oraindik, ordea, estatu kideek ez dute posizio bateraturik legedi honekiko.

Telekomunikazio enpresa handiak arauaren aurkako presioa egiten ari dira, diru sarrerak gutxituko zaizkiela nabarmen diote eta zuntz optikoaren hedapenean inbertitzeko baliabide gutxiago izango dutela.