NAIZ
BILBO

Euripean eta 33 jokalarirekin ekin dio Athleticek aurredenboraldiari

Datorren denboraldia prestatzeko lanei ekin die gaur Athleticek Lezaman. Eguraldiak lagundu ez duen arren, haur ugari inguratu da lan saioa bertatik bertara jarraitzeko.

Lan saioari ekin aurretik argazkia atera dute Lezaman. (ARGAZKI PRESS)
Lan saioari ekin aurretik argazkia atera dute Lezaman. (ARGAZKI PRESS)

Gripeak jota dagoen Gorka Iraizoz atezaina salbu, 33 jokalari hasi dira Lezaman 2014-2015 denboraldia prestatzen.

Familia argazkia atera ondoren, alor fisikoan oinarritutako lan saioari ekin diote.

Kepa Arrizabalaga, Guillermo Fernandez, Unai Bustinza, Iker Guarrotxena, Ager Aketxe eta Unai Lopez harrobiko jokalariak lehen taldearekin entrenatzen hasi dira.

Datorren denboraldirako Athleticek fitxatu duen Borja Viguera ere bertan izan da.

Aurreko denboralditik falta den aurpegi bakarra Manchester United taldeak fitxatu duen Ander Herrerarena izan da.

Gaur eta ostegunean goiz eta arratsaldez egingo ditu lan saioa Athleticek. Bihar eta ostiralean, aldiz, goizean baino ez.

Larunbatean goizeko 10.00etan egingo dute lan saioa, arratsaldeko 19.00etan Getxoko jokalarien aurka jokatuko duten lagunarteko partida prestatzeko.

Igandean atseden hartuko dute.