NAIZ
DONOSTIA

Diru publikoaren xahuketa «babestu eta elikatzea» egotzi dio EH Bilduk EAJri

Kudeaketa publikoarekin burutzen diren egitasmoetan jarraipen eta kontrol mekanismo eraginkorrak aktibatzea «ezinbestekotzat» jo du EH Bilduk. Epsilon, Hiriko, AHT edota Noticias aferetan gertatutakoak EAJren kudeaketa ereduaren «mitoa apurtu» duela uste dute, jeltzaleek diru publikoaren xahuketa «babestu eta elikatu» duela argudiatuta.

Igor Lopez de Muniain eta Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideek agerraldia egin dute, «Urkullu eta PNV iruzurra eta diru publikoaren xahuketa babesten eta elikatzen» ari direla salatzeko.

Epsilon eta Hirikoren aferan, esan dutenez, «argi geratu da diru publikoa interes pribatuak elikatzeko erabili dela». «Gizarteari 60 milioi euro lapurtu zaizkio PNV inguruaan mugitzen den enpresari sare bat babesteko», gaineratu dute.

Hala ere, legebiltzarkide abertzaleek nabarmendu dutenez, aipatu kasua ez da bakarra, «errekurtso publikoen kudeaketan errepikatzen baitira antzeko kasuak eta gehienetan PNVren itzala sumatzen da».

Jeltzaleen kudeaketa ereduaren «mitoa» hautsi egin dela eta «ustezko gardentasuna eta eraginkortasuna zalantzan» gelditu dela azalduta, zenbait kasu sonatu aipatu dituzte, hala nola, Bakioko txakolindegia, Noticias taldearen auzia, Lemoako Udalean jazotakoa edota AHTren inguruan atera diren informazioak.

EAJk «bere lagunak aberasteko kudeaketa ereduari» amaiera eman behar diola azpimarratu dute.

Hori dela-eta, koalizio abertzaleko ordezkariek «gizartearen interesak babesteko mekanismoak» bermatu behar direla azpimarratu dute.

«EH Bildutik, orokorrean kudeaketa publikoarekin burutzen diren egitasmo eta proiektuetan jarraipen eta kontrol mekanismo eraginkorrak adostea eta aktibatzea ezinbestekotzat jotzen dugu aurrerantzean eman daitezkeen xahuketak eta irregulartasunak ekiditeko», esan dute Beitialarrangoitiak eta Lopez de Muniainek.