@NAGORE belastegi
DONOSTIA

Euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapena, mendietara

Euskal Herriko mendiko kirolariek ‘Mendira’ ekimena jarri dute martxan preso eta iheslarien eskubideen aldeko aldarrikapenak kaletik mendira eramateko. Kirola egiten duten bitartean euren argazki edota bideoak bidaltzean datza ekimena.

Naturarekin zerikusia duten kirolariak izan dira ‘Mendira’ ekimenaren aurkezpenean.(Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Naturarekin zerikusia duten kirolariak izan dira ‘Mendira’ ekimenaren aurkezpenean.(Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Euskal Herriko mendiko kirolarien ordezkariak bildu dira gaur goizean Donostian euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko ekimen berri bat aurkezteko asmoz. Gorka Karapeto eskalatzaileak eta Zuriñe Arrue Espainiako Eskalada txapeldunak manifestua irakurri dute beste hainbat kirolariz inguratuta. «Gure jardunak herritik urruntzera eramaten gaitu askotan eta gizarteko arazoetan konponbiderantz aktibo izatea zailtzen digu», esan dute.

Kirolariek ere euren aldarrikapenak ozen erakutsi nahi dituzte presoen aldeko borroka kaletik mendira eramanez. «Guk, mendiko kirolariok, maila gorenetik xumeenera gure eramura aldarrikapen hau eraman nahi dugu, kalean egiteko aukera ez duguna gailurretara eramanez», azaldu dute. Horretarako ‘Mendira’ dinamika jarri dute martxan, zeinari esker ekimenarekin bat egiten duen edonork mendiko kirola praktikatzen duen bitartean argazkia edo bideoa egin eta bidali ahal izango duen.

Mendiko kirolei buruz ari direnean naturan egiten diren jarduerei ari dira erreferentzia egiten, Antton Zabala Euskadiko Eskalada Txapelketako irabazleak azaldutakoaren arabera.

Eskalada eta alpinismoaz gain, BTT, mendi-lasterketak, piraguismo edota bestelako kirol diziplinetako ordezkariak bildu nahi dituzte. Puntako kirolarien atxikimenduak aurrerago jasotzen hasiko badira ere, parte hartu ahal izateko edozein maila eduki daiteke. Izan ere, aniztasuna dute helburu.

Lagunartean, familian edo bakarkako argazki, bideo eta artikuluak (argazkiarekin) jasoko dituzte mendiraekimena@gmail.com helbide elektronikoan eta Facebooken. Baldintza bakarra ‘Mendira’-ren logotipoa eramatea da –kamisetan, pegatinan edo ondoren ordenagailuarekin jarrita–. Materiala webgunean jarriko dute eskuragarri.