Ainize BUTRON - 7K
BAIONA

Frantses Aberria gorpuztu zelarik

1914ko abuztuan hasi zen Estatu frantsesean XX. mendea markatu zuen Lehen Mundu Gerra. Nazioartean zabaldu zen guda hori, eta gatazka bat baino gehiago piztu zuen hainbat kontinentetan. Euskal herritarrek frantziar armadak Alemaniaren aurka ireki zuen frontean parte hartu zuten gerra horretan. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herrialdeetan frantses aberriarekiko atxikimendua sortu zen garaia izan zen hura.

Armistizioaren ondoren Baionan ezarri zen oroitarria. (Conny BEYREUTHER)
Armistizioaren ondoren Baionan ezarri zen oroitarria. (Conny BEYREUTHER)

Euskal Herriko 30.000-40.000 gizonek parte hartu zuten 1914. eta 1918. urteetan, Estatu frantsesak Alemaniaren aurka izandako guduan. Lehen Mundu Gerraren garaia zen, eta historialarien arabera, XX. mendeko gatazka bortitzena, odoltsuena eta nagusiena izan zen Frantziarentzat. Munduko hainbat herri ukituak izan ziren gertakari horrekin. Europari dagokionez, nagusiki bi blokeren artean izan zen gatazka, batetik Alemania eta Austria-Hungariako inperioa, eta, bestetik, Erresuma Batua eta Estatu frantsesa. Azken honetan milioi bat soldadu baino gehiago (1.397.800 zehazki) hil ziren frontean, eta beste 300.000 zibil ere zendu ziren. Zaurituak, berriz, 4 milioi baino gehiago izan ziren.

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoak, gehienbat Alemania eta Frantziaren arteko mugetan gertatu ziren borroka nagusietarik urruti geratzen badira ere, bete-betean bizi izan zuten gatazka hori.

Serbian, 1914ko ekainean, Ferdinand II.a erregea eraila izan ondoren piztu zen, aitzitik, pil-pilean zegoen gerra. Hilabete baten ondotik, 2014ko abuztuaren 2an hain zuzen ere, euskaldunek frontearen bidea hartu behar izan zuten. Gerra laburra izango zela uste zuten soldaduek (sei hilabete iraungo zuela esaten zen), eta ondorioz, frantses eskoletako liburuetan, lehen egun horiez erakusten diren irudietan soldaduen «euforia eta poza» nagusitzen da. Ehun urte igaro dira geroztik, eta 2014. urte honetan gatazka latz hori gogoratzeko eta aztertzeko ordua iritsi da.

Gerraren lehen eguneko irudiak gogora ekarriz, ezinbestekoa dirudi euforia hori zer dela-eta galdetzea. Eta, gatazka horretan izandako sarraskiak ikusirik, bigarren galdera hau litzateke: zer dela-eta bat egin dute soldadu euskaldunek gerrarekin lau urte luze horietan? Aberriarekiko maitasunaren isla al zen? edo aginduak obeditzeagatik?

Gogoeta hori hainbat historialarik egina dute, eta, arrazoiak azaltzerakoan guztiek bat egiten ez badute ere, Lehen Mundu Gerraren ondorioak aztertzerakoan, guztiak ados dira gauza batean, hots, frantziar aberriarekiko sentimenduaren eraikuntzan erabakigarria izan zela.

Robert Elissondo, hain zuzen, historia irakaslea da Zuberoan, eta historia arloan lan sakonak eramaten dituen lekuko Ikerzaleak elkarteko kidea da. Lehen Mundu Gerrari buruz egin duten bilketa lanean parte hartu du. Historiazalez osatua, elkartea gerrara abiaturiko soldaduen lekukotasunak biltzen aritu da 2004. urtetik aurrera erakusketa bat eta liburu bat ateratzeko asmoz. Orotara, Zuberoako soldaduen familien artean euskaraz eta frantsesez idatzitako mila gutun bildu dituzte, eta elkarteak, banan-banan, ikertu ditu. «Gerra garaian, soldadu eta familien artean mila milioi gutun bidali ziren Frantzia osoan. Zentsura bazen, baina ezinezkoa zen gutun zama hori zentsuratik pasatzea», zehaztu du Elissondok.

Lehen Mundu Gerrari buruz eskola liburuetan gatazkaren lehen egunei buruz zabalduak diren irudiez galdetuta, Elissondoren esanetan, soldaduek gerla hori biziko zutela jakin izan balute, ez ziren horren zoriontsu izango. «Ezezaguna zen zerbaiti buruz joaten ziren. Sentimendu nahasiak zituzten; batetik familia uzten zuten, baserriko lanak, baina era berean abentura handi baterantz joaten zirela uste zuten. Gerlako egunkarietan argi ikusten da egoera hori. Lehen egunetan gerla egunkari asko idatzi ziren, horrek erakusten du une horretan jendeek kontzientzia zutela zerbait garrantzitsua bizi zutela. Baina gerlak sei hilabete besterik ez zuela iraungo uste zuten».

Frontean eraman zuten bizia bestelakoa izan zen. Gudaren lehen garaietan izan ziren borroka odoltsuenak. «Mugimenduen gerra deitu zitzaion garai horri», argitu du Elissondok. Soro zabal batean «uholde» moduan egiten zuten aurrera gizonek, eta parean metraileta batek multzoka hiltzen zituen.

Gaur egun, Estatu frantseseko iparraldean, memoria bizirik atxiki nahian, gudu horiek eragindako sarraskien irudiak oraindik ere bizirik daude. Verdun edo Sommeseko batailen ondotik, esate baterako, bertan hildako milaka soldaduen oroimenez gurutze zuriz estalitako pentzeak jarri zituzten.

Euskaldunek gerran egindako bidearen lekukotasun bat agerian da ere Chemin des Dames (Andereen bidea) izeneko gunean. 1914-1918ko gerra horren gudurik bortitzenetariko bat eta ezagunetariko bat gertatu zen 1917an bertan, eta 200.000 soldadu hil ziren. Verdunen gisara, hildakoen hilobien gurutzez josiak daude bertako pentzeak. Baina, beste lekuetan ez bezala, Chemin des Damesen dagoen hildakoen monumentuak ezohiko itxura dauka. “Le Monument aux Basques”  izendatu zuen (euskaldunen monumentua) oroigarri horren egileak, bertako batailetan euskaldun askok parte hartu zutela agerian jarriz.

Aberri sentimenduaren sorrera

Eneko Bidegain idazle, kazetari eta irakasleak Frantziarekiko lotura nola gorpuztu zen aztertzen duen tesia landu eta berrikitan lan horren bertsio laburtu eta egokitua kaleratu du “Lehen Mundu Gerra ‘Eskualduna’ astekarian” liburuan. Hasieratik gerraren aldeko apustua egin zuen ‘Eskualduna’ astekariak 7.000 aletik gora saltzen zituen eta Ipar Euskal Herriko aldizkari eta egunkarien artean zabalduena zen.

Frantziaren lotura aztertzeko orduan, 1914-1918ko gerra nondik zetorren gogora ekarri du Bidegainek. 1870ean Prusiako erresumaren aurka egindako gerran galtzaile izan zen Estatu frantsesa eta, ondorioz Alsazia eta Lorrena eskualdeak galdu zituen. «Frantziarentzat traumatismoa izan zen, eta etengabe mendekuan edo errebantxan jarri zuen burua», argitu du.

Berrogeita hiru urte igaro ziren bi gerren artean, eta, Bidegainen esanetan, «herritarren artean, mendeku mezua» zabaltzen aritu zen urte luze horietan Estatu frantsesa. «Gerra iritsi zelarik, populazioa prest zegoen psikologikoki borroka egiteko, eta eskola izan zen Frantziarekiko atxikimendua garatzeko tresna». Eskola laikoaren bidez, kirolak eta komunikabideak izan ziren, izan ere, mezu abertzale hori eramateko baliatu ziren tresnak. ‘Eskualduna’ astekariak horretan ere parte hartu zuen. «‘Eskualduna’-k frantses jarrera abertzalea erakutsi zuen eta gerla borondatez egiten zelako mezua zabaldu zuen. Hiru nortasunen arteko hiruki bat ageri zen ‘Eskualduna’ astekarian: euskaldun izatea, fededun izatea eta frantses izatea nortasun beraren ezaugarriak ziren, astekari horren arabera. Euskal nortasuna erlijioaren babes gisa erabiliz, euskaldunak frantsesak zirela azpimarratuz eta frantsesak fededunak zirela goraipatuz, gerran zehar Frantziaren alde etengabe zabaldu zuen mezuarekin, ‘Eskualduna’-k Ipar Euskal Herriko euskaldunak frantses sentiarazten parte hartu zuen», dio.

1914-18ko gerra izan aurretik burgesia eta elizgizonek frantses abertzaletasuna bereganatua zuten. Herritarrei dagokienez, Elissondok zuhurtziaz hitz egin du, aberriaren nozioa beraientzat «nahiko abstraktua» zela uste duela esanez. «Zaila litzateke jakitea gerrara joaterakoan zinez aberriaren alde egiteko joaten zirenez. Gutunetan, behintzat, ez da sentimendu hori agertzen. Nire ustez, beren eginbeharra betetzera ohituak, eta, gaur egun ez bezala, obeditzera ohituak ziren», azpimarratu du.

Gutunen edukiari buruz, soldaduek gehienbat frontean bizi zituzten injustiziak azaltzen zituztela adierazi du. «Ez dira antimilitaristak». Ameriketara intsumitu moduan joandako euskaldunen eta gerran izandakoen arteko gutunak ere bildu ditu Ikerzaleak elkarteak. Eta, gutun horiek, garai horretan Estatu frantsesean zabaltzen ari zen abertzaletasunarekin alderatuta, «nahiko deigarriak» direla esan du. «Lehengusu edo anaien artean trukatutakoak dira, eta Ameriketan daudenek esaten diete: ‘Baina, zertan ari zarete? Zatozte hona!’. Aberri sentimendua arrotza zaie eta ez dute ulertzen zer gertatzen ari den. Elkar ulertzen ez duten bi mundu direla ematen du».

Aberri txikia eta handia

Horrenbestez, diskurtso ofizialean, frantses lurraldetasuna «puzzle baten modura» ikusia zela gogoratu dute bai Eneko Bidegainek bai Robert Elissondok. «Gerra aurreko III. Errepublikaren garaian, aberri txikia eta aberri handiaren nozioa aipatzen zen. Bata ez zen bestearen gainean, eta, nolabait, iritsi zelarik, aberri handiak txikia bereganatzen zuen bere alde egiten zuen heinean», argitu du Elissondok. Estatu frantsesak eraikitako puzzle horretan eskualde bakoitzari buruzko irudi folklorikoak zabalduak ziren. Euskaldunek turismo eta literaturari esker jadanik bazuten irudi bat. Eta ondoko zeremonietan irudi hori indartu egin zen. Euskalduna borrokalaria, leiala, kementsua eta azkarra zela esaten zen. «Erraten zen ere granadak xisterarekin botatzen zituela. Frantses aberriaren diskurtsoak ez zuen euskal nortasuna baztertzen, alderantziz, bere egiten zuen, baina nortasun hori oso folklorizatuta zegoen», esan du Elissondok.

Apez zein burges, laborari edo langile izan, guztiek bat egin zuten aleman etsai komunaren aurka. Eta soldaduen arteko elkartasuna sortzeko, garaiko agintari militarrek eskualdeka elkartu zituzten. Euskaldunen kasuan gehienbat 49. eta 18. erregimentuetan bilduak ziren, Frantzia hegoaldeko beste hainbat eskualdetatik etorritako gizonekin nahasiak. «Soldaduak solidarioak zirelarik hobeto borrokatzen zirela ohartu ziren agintariak. Aberriaren aldeko sentimendua ez zen nahiko azkarra; aldiz, bai lagunen aldekoa. Hori bazekiten jeneralek. 1916a arte soldaduak eskualdeka batzen ahalegindu ziren. Ondotik, zailagoa izan zaie anitz hildako baitzen», zehaztu du Elissondok.

Orotara, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako 6.000 soldadu inguru hil ziren borroka horretan, eta beste anitz zaurituak suertatu ziren. Garaiko biztanleria kontuan harturik, bost gizonetik bat hil zen gerran. «Familia guztiak ukituak izan ziren», argitu du Elissondok. Zuberoan mila lagun inguru hil ziren, eta Baionako hildakoen omenezko monumentuak ere mila izen biltzen ditu.

1918ko azaroaren 11n, Estatu frantsesaren eta Alemaniaren artean armistizioa izenpetu zelarik, berehala oroitzapenen garaia piztu zen. Herri guztietan, herritarrek edo udalek bultzaturik, hildakoen omenezko monumentuak eraikitzen hasi ziren, eta, orduz geroztik, urtez urte, memoria mantentzen aritu dira, Armistizio Eguna jai izateaz gain, hildakoen monumentuan zeremoniak eginez. Euskal aberri txikiak frantses aberri handiarekin bat egiten duela erakusteko monumentu zenbaitzuk euskaraz ere idatziak dira. «Batzuek galde dezakete zer dela-eta izan den oroitzapenen behar hori. Jakin behar da gerra horretan gertatu diren borroken bortizkeriagatik arazo psikiatrikoak agertzen hasi zirela. Egoera hain bortitzak bizi ditugularik, zerbaiti lotu beharra dugu, eta, garai horretan, diskurtso aberkoi horrek etapa bat gainditzeko balio izan du, berriz ere bizitzen hasteko», nabarmendu du Elissondok.