NAIZ
Donostia

Ehunka piratek La Flamenka gunea muntatzeko jasotako debekua salatu dute

La Flamenka gunea Donostiako kaian muntatzeko jasotako baimen ezaren harira, ehunka piratek agerraldi umoretsu eta koloretsua egin dute Eusko Jaurlaritzaren Ingurune eta Lurralde Politika sailak eta Gipuzkoako portu eta kosta arduradunak sortzen dituzten «arazoak» konpontzeko borondatea agertuz.

Ehunka lagunek beren sostengua adierazi diote Donostiako Piratak mugimenduari La Flamenka gunea kaian egiteko Lakuako Gobernuak baimenik eman ez diela salatzeko deitutako agerraldian. Pirata koloretsuz jantzita eta irribarrea ahoan, beren desadostasuna agertu dute Lakuako Ingurune eta Lurralde Politika saileko garraio azpiegituren zuzendari Almudena Ruiz de Angulo del Campo sinatutako erabakiaren inguruan eta Gipuzkoako portu eta kosta arduradun Idoia Ortubiak azken urteetan jarri izan dituen traben inguruan.

Azaldu dutenez, azken bi urteetan Ortubiak «arazo handiak» sortu izan ditu Aste Nagusi herrikoia antolatzeko. La Flamenka gunea muntatzeko baimen eza jaso ondoren, Ortubiarekin batzartzen saiatu direla esan dute, baina ez dute erantzunik jaso.

Donostiako Piratak beren borondatea agertu dute «arazoak» konpontzeko eta aurrera jarraituko dutela egitarauarekin nabarmendu dute. Ildo horretan, gogora ekarri dute ostiralean debekuaren berri eman ostean Lakuak ukatu egin zuela eta argudiatuta arazo teknikoak konpontzeko prest daudela berretsi dute.