NAIZ
BAIONA

Bestak bukatuta, garbiketa lanei ekin diete Baionan

Baionako bestak «giro lasaian» bukatu direla adierazi du prefeturak eta asteburua «arazo larririk gabe» iragan da, nahiz eta larunbatean jendetza bildu zen. Garbiketa lanei ekin diete gaur ostalari eta herriko langileek.

Lana franko dute aurretik Baionan garbitzaileek. (Sylvain SENCRISTO)
Lana franko dute aurretik Baionan garbitzaileek. (Sylvain SENCRISTO)

Asteazkenetik igandera bost gau eta lau egun besta giroan iragan ondoren, jantzi zuri-gorria kendu zuten atzo Baionan, datorren urtera arte. Prefeturak balantze positiboa egin du.

Estatuaren ordezkaritzaren arabera, «giro lasaian» igaro dira bestak eta ez da «arazo larririk» izan, nahiz eta jende kopurua emendatzen joan den, batik bat ostiraletik aurrera.

Larunbat eta igande artean jendarmeriak mila alkoholemia-kontrol egin ditu eta horietatik zortzi positibo izan dira.

Bestalde, garraio publikoaren erabilera ere nabarmendu du, eta trena nahiz autobusa milaka lagunek erabili dutela adierazi.

Iazko bestekin alderatuta, suhiltzaileek irteera gehiago egin behar izan dituzte, kopuruak «nabarmen» gora egin du. Sorosleek, berriz, maiz atera behar izan dute gehienbat borrokek eragindako zauriak sendatzera, baita alkohol gehiegikeriak artatzera.

Gaur goizean goizetik Baionako ostalariek eta herriko etxeko langileek garbiketa lanei ekin diete. Normaltasunera itzultzeko aste pare bat beharko dituztela kalkulatzen dute.