NAIZ
DONOSTIA

Gipuzkoako konposta Ekoguneko baratze ekologikoetan erabiliko da

Kutxa-Ekoguneak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) hitzarmen bat sinatu dute, materia organikoaren bilketaren eraginez lortzen den konposta ongarri natural bezala erabiltzeko Baratze Parke Sarea osatzen duten 668 baratze ekologikoetan.

GHK-ko eta Ekoguneko arduradunek sinatu dute hitzarmena. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
GHK-ko eta Ekoguneko arduradunek sinatu dute hitzarmena. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Hitzarmenaren ondorioz, Baratze Parkea Sareko erabiltzaileek lurzorua mimatzeko eta barazkiak elikatzeko behar adina konpost izango dute eskura, eta, bide batez, hondakin organikoen zikloari itxiera emango zaio, sukaldetako hondakinak berriz ere sukaldetara itzuliz, barazkien itxurapean.

Hitzarmenaren aurkezpenean, Mikel Insausti Kutxa-Ekoguneko zuzendariak laburbildu ditu helburuak: Gipuzkoan sortzen den konpostaren balioa, erabilpena eta merkaturatzea sustatzea; Ekogunearen Baratze Parke Sarearen baratze ekologikoetan konposta ongarri gisa erabiltzea; eta lurzoruaren emankortasunaren esparruan jardunbide iraunkorragoak sustatzea, herritarrek produktuaren balio eta kalitatearen inguruan kontzientzia hartzeko.

Halaber, akordioak jasotzen du GHK-k finantzatuko dituela Ekoguneak antolatuko dituen ikastaroak, konpostak nekazaritza ekologikoan ongarri gisa duen potentziala azaltzeko helburu dutenak. Ikastaro hauek 2014ko maiatza-abendua aldian egingo dira eta baratzeetako erabiltzaileek ez ezik, gaiarekin interesa duen orok eman dezake izena.

Baratze Parke Sarean Gipuzkoako zazpi udalerrik hartzen dute parte (Hernani, Alegia, Lezo, Errenteria, Usurbil, Tolosa, eta Zegamako udalak) eta laster Azpeitia eta Zumaia gehituko dira, estatu mailako baratze sare handiena osatuz. 800 erabiltzaileen muga gaindituko du datorren urtean eta kontsumo propiorako diren lursail ekologikoen 40.000 metro kaodroko hedadura dauka.

Bestalde, Ainhoa Intxaurrandieta GHKren lehendakariak adierazi du hondakin organikoarekin konposta egitea birziklatzearen eremuan sartzen dela, eta Europako Hondakinen Kudeaketarako Hierarkiaren arabera horrela jokatu behar dela gogorarazi du, «gure etxe eta industriaguneetan sortzen den materia organikoarekin».

Konposta eginez zabortegietara bidaltzen den hondakin kopurua %30 murriztea lortu dela esan du Intxaurrandietak, eta honek birziklatze maila %40ra heltzeko aukera eman duela, 2016ean lortu behar den %60ko birziklatze mailatik gertuago jarriz.

Gipuzkoan sortzen ari den konposta kalitate handikoa da, A+ kalitatekoa, gure etxeetan oso ondo bereizten ari garen seinale. Kalitate handi honi esker, Gipuzkoako konposta baratze ekologikoetan ere erabil daiteke, Ekogunearekin sinatuko den hitzarmen honek erakusten duen bezala.

Hondakin organikoak konpost bilakatzea naturarekin erlazio berezia eraikitzea da eta jendarte bezala harro sentiarazi behar gaitu. Ildo honetatik, produktua balorean jarri eta bere erabilera sustatzea guztion egitekoa da, onurak gizarte osoarentzat izango baitira.