NAIZ
DONOSTIA

San Bartolomeko kuartela botatzen hasi dira, Donostian

San Bartolomeko polizia espainolaren kuartela botatzeko lanak hasi dira Donostian. Aste bateko epea aurreikusi dute lan guztiak amaitzeko eta, ondoren, bertan lan arkeologikoei ekingo diete, kontrolatutako indusketa baten bidez, ustez ingurua arkeologia gunea baita.

San Bartolomeko kuartela eraisteko lanak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
San Bartolomeko kuartela eraisteko lanak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Donostiako Udaleko iturriek adierazi dutenez, San Bartolomeko lanak erritmo onean doaz, eta, lehen faseko etxebizitzak eman ostean, Arroka plaza berria urbanizatzeko lanak amaitzen ari dira. Plaza hori hemendik gutxira irekiko dute, herritarrek erabili ahal izateko.

Eraisten hasi diren eraikinak oinplano ia errektangeluarra dauka, 53,30 x 13,98 metro. Estalkidun bi atal dauzka, bakoitza lau isurikoa. Eraikin tradizionala da, 1945. urtekoa, Romualdo Madariaga arkitektoak sortua.

San Bartolome gaineko 2. zenbakian dago, eta beheko solairua, lehenbizikoa, bigarrena, hirugarrena eta teilatupeko laugarrena dauzka. Eraikinaren azpian orubearen barrenarekin eta garajeekin komunikatzen duen dorrea ageri da. Beheko solairua Amara kalearen parean dauka, bai eta lurpeko bi solairu ere. Horiek ere hemendik gutxira eraitsiko dituzte, etxebizitzak eraikitzeko bigarren fasea hasitakoan.

Altzariak, trasteak, armairuak, etxeko elektrotresnak, eta gainerakoak garbitu eta erretiratu ostean eta beste material batzuk kudeatu ondoren, eraikina botako dute.

Ekaineko Udalbatzak hasierako onarpena eman zion Plan Orokorraren San Bartolomeko aldaketari; hala, muinoa, komentua eta bainuetxea babesten dituen hirigintza eragiketa bat baimendu zen. Plan Orokorra aldatzeko agiriak hobekuntza handiak ekarriko dizkio San Bartolomeko inguruneari. Espazio publiko bat antolatuko da iparraldeko magalean eta San Bartolomeko goiko aldean, eta gainera, begiratoki handi bat izango du hirira irekia, bai eta haur jolasen gune bat ere.

Goiko aldeko ingurunea antolatzeko orduan, erabilera publikoa bultzatuko da, eta zirkulazioaren gaineko eraginak txikiagotu. Halaber, erdiko kale bat ere sortuko da. Bainuetxearen fatxada babestua Arroka plazara eramango da, babestearren, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezi berrian aurreikusita dagoen moduan.

Komentuaren iparraldeko hegalean hirugarren sektoreko zein ostalaritzako erabilerak ezarriko dira. Iparraldeko magalean ere aurreikusita dago erabilera horiek garatzea; sigi-sagako eskailera bat egingo da, eta aisia-gune gisa pentsatuta dauden hainbat eskailera buru handiri bide emango die horrek.

Aurretik aurreikusitako bizitegi garapenak sendotuko dira, orobat; hala, 516 etxebizitza eraikiko dira, bai eta bide sarbide bat ere Larramendi kaletik, igotzeko soilik, jaitsiera Aldapeta maldatik egingo baita. San Bartolome pertsona guztientzat izango da irisgarria, igogailuen bidez.

Prozesuak aurrera jarraitzen du, eta joan den astelehenean Donostiako Udala auzokoekin elkartu zen. Hala, planteamendua lantzen jarraitzen du, Plan Orokorra behin betiko aldatzeko. «Donostiako inguru honek orain artean ezagutu ez duen aldaketa izango du, eta erreferentziako gune bilakatuko da bai donostiarrentzat, bai turistentzat», adierazi du Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak.