Naiz
Donostia

Bizikletaren erabilera %25 igo da azken legealdian Donostian

Donostia bizikletaren erabilera gehien duen hirien artean kokatzen da eta Udalak gaur aurkeztutako datuen arabera, azken legealdian %25 igo da hirian zehar mugitzeko bizikleta darabiltenen kopurua.

Donostiako Udalak gaur aurkeztu du bizikletaz egindako joan-etorriak jasotzen duen edukiera sistemako lehenengo txostena. Sistema automatiko honi esker, txirrindularien mugimenduei buruzko datu errealak jasotzen dira hiriko zortzi gunetan. Udalaren arabera, txostenak berretsi du bizikleta erabiltzearen igoera aurtengo lehenengo sei hilabeteetan, 2013ko lehenengo sei hilabeteekin alderatuz gero.

Jon Albizu Mugikortasuneko zinegotziak nabarmendu du sistema horri esker hiriko bizikleten joan-etorrien azterketa zehatzagoa egin daitekeela, lehen zenbaketa bisuala izaten baitzen. «Sistema honek ahalbidetu digu argazki objektiboagoa lortzea hirian urtez urte haziz doan bizikletaren erabilerari dagokionez. Espira bidezko edukiera sistema da eta informazio kopuru handia jasotzen du, besteak beste, bizikleta erabiltzeko joerak, ardatz erabilienak eta bidegorri bakoitza zenbat erabiltzen den», esan du.

2013an bizikletaz egindako joan etorrien batez bestekoa 16.695koa izan zen, aurreko urtean baino ia mila gehiago (15.709). Beraz, igoera %6,28koa izan zen. Hamar urtetan bizikletaren erabilera 7.540 desplazamendutik 16.695era igo da.

Albizuk azpimarratu duenez, legealdi honetan %25 igo dela bizikletaren erabilera. «Hiru urtetan eguneroko erabilera 4.500 igo da eta azpimarratu nahi dut donostiarrak direla aldaketa honen protagonistak, haiek mugikortasun eredu berria bultzatzen ari direlako, sostengarriagoa. Udalak bere zereginen artean dauka bizikleta erabiltzeko baldintzak hobetzea eta datu hauek erakusten dute bide onean goazela», ohartarazi du.

Zenbaketa puntuak txirrindulariak igarotzen diren ardatz nagusietan daude kokatuta. Une honetan zortzi zenbaketa puntu daude: Federico García Lorca, Easo kalea, Gernikako Arbola, Morlans-Lugaritz tunela, Ategorrieta, Zurriolako zubia, Tolosa hiribidea eta Kontxako pasealekua.