NAIZ
Donostia

Donostiako Aste Nagusiak azken urteetako bideari jarraitu behar diola uste du Udalak

Hiriburu gipuzkoarreko Aste Nagusia amaitu berritan balorazio oso baikorra egin du Udalak. Juan Karlos Izagirre alkateak azken urteetan hartutako bidea egokia dela adierazi du eta horretan jarraituko dutela lanean. Herritarren parte hartzea eta jaien izaera herrikoia urtez urte indartzen ari dela uste du. Ekitaldi ikusiena suak izan dira aurten ere.

Suak izan dira aurten ere ekitaldi arrakastatsuena. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Suak izan dira aurten ere ekitaldi arrakastatsuena. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Nerea Txapartegi Kultura arduraduna eta Juan Karlos Izagirre alkatea izan dira Donostiako Aste Nagusia amaitu berritan Udalaren balorazioa plazaratu dutenak. Pozik biak, Aste Nagusi parte hartzaileena, herrikoiena eta anitzena izan delako, euren esanetan aurtengoa. Azken urteetan egindako bidea goraipatu du Izagirre alkateak eta bide horretan jarraitzeko beharra azpimarratu du.

Suak izan dira ikusle gehien batu dituztenak, 100.000 inguru Txapartegik esan duenaren arabera. 25.000 inguru izan ziren azken larunbateko zezen suzkoan. Musika eskaintzari dagokionez beherakada izan du Sagues plazak, eguraldiaren eraginez, nagusiki, Udalaren ustez. Aurten, Piraten La Flamenka gunean talde esanguratsuen kontzertuak izan dira; Udalaren ustez ez dago kontraprogramaziorik. Txapartegik esan du Saguesen gustu guztietarako kontzertuak eskaintzen ari direla eta azken urteetan bertako taldeen eskaintza areagotzeko eskaria ikusi dutelako indartu dutela.

Egitarau ofizialaz gain, La Flamenka sendotzen ari dela azpimarratu du Izagirre alkateak eta «urte askoz izan dadila» opa die Piratei. Hauen egitarauak ofizialarekiko duen osagarritasuna nabarmendu du.

Aste Nagusiko puntu beltza lehen egunean izan zen eraso sexistak jarri duela gogoratu dute balorazioan.

Hurrengo egunetan Aste Nagusian zehar ekimenak antolatzen dituzten eragileekin elkartuko da Donostiako Udala eta iragarri du deialdia izango dela, 2015erako proposamenak jasotzeko.