NAIZ
Donostia

Dorothy Arzner, emakumea zine-industrian sartzen aitzindaria, omenduko du Zinemaldiak

Donostiako Zinemaldiak tarte berezia eskainiko dio Dorothy Arzner estatubatuarrari. Emakumea zinemaren industrian sartzeko bidean aitzindari izan zela azpimarratu du antolakuntzak Arznerri eskainiko dion zikloaren berri ematean.

«Hollywoodeko urrezko aroan zuzendari gisa ibilbide profesionala egitea lortu zuen emakume bakarra», modu horretan aurkeztu du Donostiako Zinemaldiak Dorothy Arzner berari eskainitako zikloaren berri ematean. Berak egindako bidea emakumea zinemaren industrian sartzeko aitzindaria izan zela azpimarratu dute eta «estilo eta nortasun propioko» zinema egin zuela.

1897an jaio eta 1979an hil zen Arzner. ‘Fashions for Women’ (1927) izan zen bere lehen filma eta hurrengo urtean ‘Manhattan Cocktail’ egin zuen, zine mututik soinudunerako igarobidean halako lan bat egiten zuen lehen emakumea bilakatuz.

Bere inguruko biografia jasotzean Zinemaldiak azpimarratu du bere izena ahazten joan zela baina 60. hamarkadan mugimendu feministak berreskuratu zuela hainbat omenaldiren bidez. Emakume gisa egindako aitzindari lanaz gain, Arznerrek «arrastoa utzi zuen estilo bisual dotoreko pelikula multzo baten bitartez», Zinemaldiaren arabera. Ezkutuan homosexualitateari buruzko mezuak txertatu zituela filmetan ere gogoratu du antolakuntzak.

Atzera begirakoan Arznerren hamabi filma eskainiko ditu Zinemaldiak. Webgunean daude filma horien izenburuak eta azalpenak.