NAIZ
AAIUN

Saharara joandako Askapenaren bigarren brigada ere kanporatu du Marokoko Gobernuak

Askapenak jakinarazi duenez, Saharako lurralde okupatuetara joandako bigarren brigada ere kanporatu dute indar marokoarrek, «bortxaz beste behin ere».

Abuztuaren hasieran Euskal Herritik Mendebaldeko Saharara joandako Askapenaren lehen brigadarekin gertatu zen bezalaxe, bigarren txandan joandakoak ere kanporatu ditu, «bortxaz», Marokoko Poliziak.

Aurreko taldeak izan zituen arazoak ikusita, plangintza moldatu eta lehen egunak turismoa egiten pasa zituztela azaldu dute, ohar bidez, brigadako kideek. Saharar lurralde okupatuetara sartzearekin batera poliziaren presentzia eta haien jarraipena areagotuz joan zela gaineratu dute.

Eragile desberdinekin biltzeko asmoz Aaiunera bidean jarri zutenean, kontrol ugari pasa behar izan zituzten eta, esan dutenez, «guztiak nahiko lasai joan ziren azkena izan ezik».

Hamarka poliziek autobusetik jaitsiarazi zituztela adierazi dute. Poliziak guztia grabatzen ari ziren bitartean aztoratzen joan zirela ikusi zuten brigadako kideek. Inolako argudiorik eman gabe Aaiunera sartzen utziko ez zietela esan zieten eta giroa nabarmen gaiztotzen joan zen.

Azkenik, taldeko kideek taxi bat hartu behar izan zuten eta bertan sei lagun sartuta 700 kilometro inguru egin behar izan zituzten, Agadirrera iritsi arte.

Jakinarazi dutenez, lurralde okupatuetatik kanporatuak izan arren haien lana «ez da amaitu» eta Marokoko hainbat eragilerekin elkartzen saiatuko direla gaineratu dute.