NAIZ
DONOSTIA

Sei dokumental aurkeztuko dituzte Zinemira sailean

Donostiako Zinemaldiaren 62. edizioan, sei dokumental aurkeztuko dira Euskal Herrian ekoitziriko lanei eskainitako Zinemira sailean. Pedro Olea zinegile bilbotarrak jasoko du Zinemira saria.

Pedro Olea zinegile bilbotarrak jasoko du Zinemira saria. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Pedro Olea zinegile bilbotarrak jasoko du Zinemira saria. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Zinemaldiko zuzendari den Jose Luis Rebordinosek eta Lakuako Kultura sailburu Cristina Uriartek agerraldia egin dute Donostian, Zinemira sailaren edukiak ezagutzera emateko. Euskal produktoreen elkarteak eta bestelako babesleek ere hartu dute parte aurkezpenean.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Zinemaldian izango den euskal ekoizpenen kopurua aurreko urteetan izandakoaren antzekoa da, baina aurtengo lanak kalitate hobekoak dira.

Euskal Herrian ekoitzitako fikziozko lanak bestelako sekzioetan eskainiko dituztenez, Zinemira sailean parte hartuko duten guztiak dokumentalak dira. Bi estreinaldik eta aurten ekoitzitako lau lanek osatuko dute film sorta.

Honakoak dira Zinemiran izango diren lanak: ‘I am Haiti’, Raul de la Fuenterena; ‘Lantanda’, Gorka Gamarrarena; ‘Ateak Zabalduz’, Juanmi Gutierrezek egina; ‘Five Days to Dance’, Rafael Moles eta Pepe Andreurena; ‘Notas en movimiento’, Oskar Tejedorrena; eta ‘Señales de vida: Nestor Basterretxea’, Gentzane Martinez de Osaba eta Alexander Garcia de Vicuñak egina.

Bestalde, Pedro Olea zinegile bilbotarrak Zinemira saria jasoko du, irailaren 22an Victoria Eugenian egingo den ekitaldian.