NAIZ
Donostia

Tomas Alba zinegotzi eta gerra zikinaren biktimaren izena eramango du Donostiako plaza batek

1979an hil zuten Tomas Alba Herri Batasuneko zinegotzia Donostiako Udalean. ‘Batallón Vasco Español’ izeneko taldeari egotzi zioten hilketa hura. Donostiako Udal Gobernuak «hiriaren memoriaren berreskurapenean aurrerapauso bat» dela azpimarratu du eta iraileko Udalbatzara eramango du izendapena berresteko.

Sagues inguruan, Joxe Miguel Barandiaran eta Luis Pedro Peña Santiago kaleen artean dagoenari jarriko diote Tomas Alba Plaza izena. Donostiako Udal Gobernuak adostu du erabakia eta irailean berretsi asmo dute Udalbatzan. Izan ere, gatazkak eragindako indarkeriaren biktima izan diren zinegotzi donostiarren inguruan adostasunez Alba bera, Gregorio Ordoñez eta Fernando Mugica Herzog omendu zituen Udalak udaletxe barruan plaka bat jarriz. Kalean, ordea, Tomas Alba da gaur gaurkoz bere izenean espazio zehatzik ez duen bakarra.

Udalaren ustez akordio honek «indarkeria politikoaren biktima guztien memoriaren berreskurapenean pauso berri bat eman nahi du».

Tomas Alba Astigarragan hil zuten, 1979ko irailaren 28ko goizaldean. Afal ostean autora bidean zela ezezagun batzuek tirokatu egin zuten. Herri Batasuneko zinegotzia zen Alba. ‘Batallón Vasco Español’ deiturikoari egotzi zioten orduan hilketa eta epailearen aurrean hala onartu zuten bi gizonezkok.