NAIZ
Donostia

Gipuzkoan sortutako APP onenak sarituko ditu aurten ere Aldundiak

Iazkoren bidetik herrialdean sortutako APP onenak sarituko ditu aurten ere Gipuzkoako Foru Aldundiak. Sariak iazkotik aldatu egin dituzte, aurten bi milana euro jasoko dituzte negozio eredua duen onenak, eragin sozial handiena izan dezakeenak eta orginalenak. Irailaren 18a bitarte aurkeztu ahal dira lanak.


DonostiON, iaz aurkeztutako lanetako bat

Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialdean sortutako gailu mugikorretarako aplikazioak sarituko ditu aurten ere. Iaz abiatutako ekimen honekin informatikako teknologien sektorearen berrikuntzan lagundu asmo du Diputazioak eta herrialdean arlo horretan egindako lanak ezagutarazi.

Aurten hiru izango dira sariak eta bakoitzak 2.000 € jasoko ditu: negozio eredua duen APP onena, eragin sozial handiena izan dezakeena eta originalena. Gipuzkoan egindako aplikazioak izan behar dira eta irailaren 18a arte aurkeztu ahal dira lanak. Baloratzeko kontuan hartuko dituzten irizpideen artean baliagarritasuna, diseinua eta negozio eredua. Hizkuntza ezberdinetan aurkeztu ahal dira baina gutxienez euskaraz erabiltzeko moduan egon behar dute aplikazioek.

Iazko zapore gozoa

Saria iaz baino txikiagoa izango da baina ez lehen edizioak zapore makala utzi zuelako. Izan ere, gustu guztietarako aplikazioak aurkeztu ziren iazko lehiaketara. Profesionalen artean enpresa kudeaketarako ‘GOZ Pro Suite’ izeneko aplikazioa izan zen garaile bere arloan, ‘Euskal Herrian ihesi’ turismo eremukoa entitate bati begira egindakoetan eta ‘Domoalert’ izeneko segurtasun aplikazioa herritar izaerakoan. Amateurren artean ‘iAldamio’ izenekoa enpresei begirakoan eta ‘Segapoto’ bertsolaritzarekin loturikoa enpresa izaerako onenean.